GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Nazioarteko film sarituak ikusgai Zinemaldiko Perlak sailean

François Ozon, Alfonso Cuaron, Richard Curtis, Hirokazu Kore-eda eta Terry Gillian zinema zuzendarien lanak egongo dira ikusgai, besteak beste, aurtengo Zinemaldiko Perlak sailean. Horien artean Berlinaleko Urrezko Hartzaren irabazlea, «Child's Pose».

p048_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Urtean zehar mundu osoan ekoitzitako film onenak eskainiko ditu aurten ere Donostiako Zinemaldiaren Perlak sailak. Irailaren 20tik 28ra bertan bilduko dituzte Donostiara iritsi baino lehen munduko zinema jaialdirik garrantzitsuenetan izandako lanak, edo jada hainbat herrialdetan estreinatu direnak. Aurten proiektatuko diren hamalau tituluen berri eman zuten atzo antolatzaileek. Hautaturiko filmen artean, iragan Berlingo jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen filma dago, “Pozitia Copilului” (“Child’s Pose”) Calin Peter Netzer errumaniarraren produkzioa, baita izen handiko zuzendarien azken lanak ere; besteak beste, François Ozon, Hayao Miyazaki, Terry Gilliam, Jia Zhangke eta Rithy Panhena.

François Ozonen “Jeune et jolie” lana ere izango da Donostian; iazko edizioan Urrezko Maskorra irabazi zuen Ozon berak “Dans la maison” filmarekin. Perlak sailean egongo da ikusgai Richard Curtis britainiarraren “About Time” ere –“Love Actually” zuzendu zuen Curtisek eta “Four weddings and a funeral” eta “Bridget Jones’s Diary” arrakasta handiko komedietako gidoilaria ere bada–.

Film estatubatuarrek ere ez dute hutsik egingo. Hala, Arie Posinen “The face of love”, Robin Williams, Ed Harris eta Anette Bening aktoreekin; Ryan Cooglerren “Fruitvale Station”; eta Shaul Schwartz fotokazetariaren “Narco cultura” dokumentala ikusi ahal izango dira. Veneziako jaialdian izango diren bi lan ere izango dira Donostian: fantasia futurista jorratzen duen Terry Gilliamen “The Zero Theorem” eta Alfonso Cuaronen “Gravity” thriller-a –Sandra Bullock eta George Clooney aktoreak dira protagonistak–.

Hirokazu Kore-eda japoniarra Donostiara bueltatuko da “Like father, like son” lanarekin; epaimahaiaren saria jaso zuen film horrek Cannesen. Animazio film bat ere izango da Perlak sailean, “The Wind Rises”, Hayao Miyazakik Veneziako Sail Ofizialean aurkeztu zuena. Asiatik  Jia Zhangke zuzendari txinatarraren “A touch of sin” ere helduko da –Cannesen gidoi onenari saria irabazi zuen–.

Albert Dupontel frantziarraren “9 mois fermé” eta Sebastian Lelioren “Gloria” lanak ere izango dira Donostian. Txile eta espainiar Estatuaren arteko koprodukzioa den “Gloria” filmeko Paulina Garcia protagonistak Aktore Onenaren  Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinen. Egitaraua Rithy Panhen “L’image Manquante” dokumentalak osatuko du, Cannesen saritua hori ere.

Wuaki.TV, ikusleen sariak

Perlak sailean proiektatuko diren film horiek guztiek Publikoaren Wuaki.TV sarietan parte hartuko dute. Saria saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikoan diren ikusleek emango dute. Lan onenak 50.000 euroko saria jasoko du, eta film europar hoberenak 20.000 eurokoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo