GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Donostia ez da, soilik, postaletan agertzeko hiriburu bat

Turistek betetzen dute, oro har, Donostia udan, are gehiago Aste Nagusia baldin bada. Hauek, ordea, harrituta geratzen dira hiriko jai giroarekin, La Flamenka gunetik igarotzean batez ere.

p052_f02.jpg

p052_f03.jpg

p052_f04.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Ez da asmakizun bat, errealitate gordina baizik; turistak dira jaun eta jabe Donostian uda partean, are gehiago hiriburua jaietan aurkitzen bada. Alde Zaharrean barrena buelta bat egitea besterik ez da hori horrela dela egiaztatzeko. Baina Gipuzkoako hiriburua hori baino askoz gehiago da, eta hala ari da erakusten Aste Nagusian zehar.

Kuadrillen Eguna

Piraten egitarauaren baitan, Kuadrillen Eguna izan zuten atzokoa. «Bustita» hasi zuten eguna gazteek, ur jolasak egin baitzituzten arranplan. Horren ostean, kuadrillen arteko bazkaria egin zuten, La Flamenka gunean. Ehundik gora gazte bildu ziren bertan, eta azpimarratzekoa da bertan sortu zen giroa, inguruan paseatzen zebilen ororen atentzioa erakartzea lortu baitzuten.

Aipamen berezia merezi du Piraten jai guneak hartu duen erreferentzialtasunak. Bertakoentzat, donostiarrentzat, Aste Nagusiaz era parte hartzaile batean gozatzeko aukera da, eta ez dute alferrik pasatzen uzten. Egun eta gau dabil jendea bertan, egitarauaren baitan antolatu diren ekimenetan parte hartzen edota gaueko kontzertuez gozatzen -Itziarren Semeak eta Gora Herria taldeen txanda izan zen atzokoan-. Hori dela-eta, ohikoak dira kanpotarren harridura aurpegiak bertatik igarotzean, eurek «amesten» zuten Donostia horren baitan ez baitzuten berehalakoan pentsatuko horrelako gune bat egongo zenik. Alde Zaharrean ere ohikoa da turistak balkoitik balkoira zintzilik dauden pankartei begira harrapatzea, hauetan zer jartzen duen-edo ulertu nahian.

Bapo bazkaldu ostean heldu zen arratsaldeari umore puntua jarriko zion ekimena: Kantu Dantza Festa. Oholtza gainera igo eta antzerki-parodia bat egin zuten gazteek, Joseina Etxeberria, Ilazki Serrano, Ezkila kapitaina, Son Goku, «Goenkale» telesaileko Maria Luisa edota Juan Karlos Izagirre hiriko alkatea bera ere parodiatuz. Kuadrillen parte hartzea lortu zuten ekimenaren bitartez, guztien artean arratsalde-pasa umoretsu bat lortuz.

Bilboko txupinerarekin izan diren arazoak ere izan ziren presente atzo La Flamenkan. Izan ere, Jone Artolari euren babesa erakutsi eta jai parte hartzaileen alde argazki jendetsu bat atera zuten kofradia guztietako kideek.

Lakuak jai herrikoien aldeko mugimendua «ito» egin nahi duela salatu dute Piratek

Gipuzkoako hiriburuko jaiak eraldatzen ari dira Donostiako Piratak, eta, dirudienez, hori ez zaio gustatu bati baino gehiagori. Hala, Piratek «trabak» salatzen dituzte Lakuako Gobernuaren partetik jai herrikoi eta parte hartzaileak antolatzeko orduan. Guztia «diskrezioz» egin nahi izan zutela kritikatzen dute, eta, horren aurrean, jazotakoa herritarrei ezagutaraztea erabaki dute Piratek.

Eurek osatutako egitaraua administratiboki «ito» nahi izan dietela salatzen dute. GARAri egindako adierazpenen arabera, azken egunera arte ez zuten baimenik jaso Lakuaren partetik euren Aste Nagusia antolatzeko. Abordatzeari dagokionez, neurri «zentzugabe eta onartezinak» ezarri nahi izan zizkietela kritikatzen dute. «Muntatze eta desmuntatze lanetarako beharrezko egunak argudio gabe murriztu nahi izan dizkigute, baita gaueko ordutegiak ere, iragan urteetan adostutakoa kontuan hartu gabe; Abordatze Txikia eta ur jolasak debekatu nahi izan dituzte kaian ezin dela bainatu argudiatuta...», salatu dute Donostiako Piratek.

Egoera ulertzeko, bi gako plazaratu dituzte. Batetik, euren jai planteamendua «urtetik urtera indartzen doala ikusirik», berau esparru gehiagotara zabaltzea eragoztea nahi dutela uste dute. Bestetik, Lakuak izan ditzakeen interes ekonomikoak aipatzen dituzte, «kirol-portua egiteko proiektua baitu kaian». Azken argudio hori baieztatzeko, Lakuako Garraio Azpiegituren zuzendaria den Almudena Ruiz de Anguloren hitz batzuk dakartzate gogora, honek Radio San Sebastian irratian zera adierazi zuela esanez: «Kaia jarduera ekonomikoetarako utzi behar da eta kirol-ontzietarako leku gehiago prestatu behar da».

Egoera horren aurrean, kaia auzotarrena eta donostiarrena izatea nahi dute Piratek, «ez soilik urteko sasoi honetan gurera datozen aberaskumeena». «Arribatzeko ez ezik, bizitzeko, arrantzarako, paseorako, bainurako eta baita festarako izango den kaia nahi dugu», aldarrikatzen dute.

Arduratuta dira datorren urteari begira, «berdin edo okerrago» jarraituko dutela uste baitute. «Ez gaude prest donostiarrokin hitzartutakoa ez den egitasmo baten mesedetan intentzionalitate osoz hartzen diren neurri gehiago onartzeko. Argi dugu aurtengo jarrera ez dela kasualitatearen ondorio, ezta teknikari baten jarrera harroputzaren emaitza ere», mintzo dira haserre Piratak.A.E.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo