udate | ipar ekhian
Sekretua
Jon GARMENDIA | Idazlea
Sekretu bat kontatzen badiozu norbaiti, manera batean bere esklabo bilakatuko zara. Hark sekretua gordeko ote duen edo ez, zalantza ukanen duzu beti. Hala entzun nuenetik, hala gelditu zait buruan. Kontua da istorio bat kontatu didatela, berriro, bai, eta halakoak baliatzea maite dudala kontakizunak egiterako orduan, errealitateak beti gainditzen baitu fikzioa, agian, fikzioarekin jolastuz gauza harrigarriagoak aipatu daitezkeelako. Baina gauza errealek beste indar bat daukate. Gero, ez da niri gertatu zaidan zerbait, eta noski, halakoetan fikziozko izen bat eman behar diozu pertsonaiari, eta hor jada istorioa antzaldatzen duzu, baina tira, denok kontatzen ditugu besteen gauzak beti, eta gure ukitua emanda gainera. Agian, gehiegi bizi garelako besteei begira, edo errazago zaigulako besteen kontuak aipatzea gureak baino. Gureek, zama emozionala dute gehiago, baina biluzteko manera bat da aipatzea, egolatria elikatzearekin zentratzen ez baldin bagara behintzat. Lerroak aitzina doaz eta baten batek susmoa ukanen du zertaz ari naizen, ba hortaz, sekretuaz. Egia erran, badut kontatzeko irrika, zerbait garrantzitsua baduzu eta ez baduzu kanporatzen ez baitu baliorik, baina kontatuko banu ez litzateke gehiago sekretu deitu ahalko, eta hor, zuen guztien esklabo bilakatuko nintzateke nolabait. Sekretu bat horixe baita, gure barnean denok daramagun zerbait, harekin harrotzeko motiborik ez daukaguna, edo bai; eta «hau kontatuko dizut baina ez erran nehori» esaldia, justuki, kontua zabaltzeko manerarik errazena dela uste dut.