GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Xelebrekeriak

Jon GARMENDIA | Idazlea

Gonbidatu zaituzte afaltzera, eta pasiorik gabe jaten ari zara platerakoa, bat-batean ordea, etxekoak behatu dizu, bere begiak zureekin gurutzatu dira, eta bai, «ze goxoa dagoen» erran duzu. Ator koadroduna oparitu dizute, koloretakoa, baina koloretako bizi-bizia; «milesker, oso polita da» erantzun duzu, baina «nik ez ditut Bahama uharteak soinean eraman nahi» pentsatuta. «Zer janen dugu gaur gauean» galdetu dizu bikoteak, zuk, «nahi duzuna» erantzun diozu, baina zuk nahi duzuna da berak presta dezan. Lagunekin ostatuan zaude, ixteko garaia heltzen den unean, beti une berean, eta batek proposatzen du: «Zer, azkena hartuko al dugu?». Eta denek «bai!» erantzuten dute, konbentzimendu osoz; jakina, badakizue azkena eta gero beti daudela beste zenbaki batzuk, beste bat, beste bi, beste hiru... «Bihar nire gurasoekin afaltzera joango gara» mundua bukatu aitzin egin behar den planik ederrena balitz bezala proposatu dizu, eta bai, zuri mundua bukatu zaizu. Tabernari bati «lau garagarno» eskatuta, elegantziaz lagunduko duzu «otoi» eta «arren» hitzekin, baina «ahal duzunean» erraten badiozu, «benga, mugi zaitez» erraten ari zara. Aurtengo oporrak hondartza duen leku batean edo mendiko herrixka batean pasatzea nahiago ote duzun galdetu dizu; «berdin dit, onena zuri ilusio egiten dizuna hautatzea da», zuk bakantzak, etxeko sofan etzanda pasako zenituzke. Lagunak lanean egon dela erran dizu, bai, zu ez beste guztiak egon egiten dira lanean. Ez da zuhurra zarelako, ez eta dirua, aurrezki kutxa bailitzan poltsikoan ukaitea maite duzulako, besteek ordaintzen duten garagardoak zapore hobea daukalako da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo