GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA

Irujo lotsagarri geratu da Donibane Garazin

p034_f02_088x140.jpg

J.L.

Martinez de Irujo lotsagarri geratu zen atzo Donibane Garaziko Garat trinketean, 40 eta 5 galdu baitzuen Monze eta Saldunbehere amateurren aurka.

Nafarroa Behereko hiriburuko festen barruan bi amateurren aurkako desafioa antolatu zuten, eta Waltari zen jokatu beharrekoa. Kubakoa, ordea, min hartuta dago, eta gainerako goi mailako pilotariek partidak zituztenez, Martinez de Irujoren aldeko hautua egin zuten, baina dagoeneko damututa izango dira. Aurretik ere erabaki horrek zalantza asko sortu zituen, eta trinketeko harmailak ez ziren erdia baino gehiago bete. Amaieran, gainera, bertaratu zirenak haserre utzi zuten Garat trinketa.

Monze eta Saldunbehere amateurren artean ongi dabiltzan bi pilotari dira, baina ez dira dauden onenak, eta horrek neurketa orekatuagoa izango zela pentsarazten zuen. Ez zen horrela izan. Hasieratik nagusitu zen Nafarroa Behereko bikotea, eta neurketak kontatzeko gutxi izan zuen. Normala den moduan, Martinez de Irujo lekuz kanpo egon zen. Frontoitik trinketera gauzak asko aldatzen dira, eta hori argi ikusi zen. Monzek eta Saldunbeherek Garateko zirrikitu guztiak ongi ezagutzen dituzte, eta nahi bezala ibili zuten Iberoko aurrelaria. Tantoak bata bestearen atzetik joan zitzaizkion, eta amaieran itxuragabeko emaitza lortu zuten.

Azkaineko finala

Atzo jokatu zen baita ere Azkaineko trinketean Andramarietako Torneoko finala. Amaieran txapela Elgartek eta Ezkurrak lortu zuten, Laduxen eta Ozafrainen aurka. Bukaeran 40-30eko emaitza lortu zuten.

Udan jokatzen diren torneoen artean gutxi dira lehiaketa irekiak, amateurrek eta profesionalek nahastuta jokatzen dituztenak, alegia, eta hau da horietako bat.

Partida bera ez zen handi horietakoa izan, eta profesionalek markatu zituzten ezberdintasunak. Laduxe eta Ozafrain agintzen hasi ziren, eta zazpigarren kintzera arte aurretik joan ziren, baina hor iritsi zen berdinketa, eta hortik aurrera Elgart eta Ezkurra jaun eta jabe izan ziren. Urruñako atzelaria atzean agintzen hasi zen, eta aurrean Elgartek gauzak errazago izan zituen; hala, amaieran garaipen erosoa lortu zuten. Honako hauek izan ziren atzoko partidako partzialak: 0-2, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 7-7, 13-8, 22-11, 29-13, 30-16, 33-24, 38-25 eta 40-30.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo