GARA > Idatzia > Euskal Herria

Plataforma bat sortuko dute Baionan etxebizitzaren arazoari aurre egiteko

Plantouneko okupatzaileek, Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta Bethi Aitzina elkarteko kideek etxebizitzaren arazoei aurre egiteko plataforma bat sortuko dute. «Denek dute bertan lekua, Euskal Herrian bizitegi txarraren arazoaren gaineko irtenbide zehatzak bultzatzeko».

p012_f02.jpg

Ion SALGADO | BAIONA

Plantouneko okupatzaileek, Baionako Auzitegiaren aginduz beren etxea bi hilabete barru utzi beharko dutenek, Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek eta Bethi Aitzinaren ordezkariek etxebizitzaren gatazkari gaina hartzeko deia luzatu zieten atzo Ipar Euskal Herriko gizarte eragile guztiei.

Baionan egindako prentsaurrekoan, hiru elkarteko ordezkariek etxebizitzekin lotura daukaten arazoei aurre egiteko plataforma bat sortuko dutela iragarri zuten. «Sindikatuek, alderdi politikoek, elkarteek, biztanleek, hautetsiek... denek dute bertan lekua Euskal Herrian bizitegi txarraren arazoari irtenbide zehatzak bultzatzeko», azpimarratu zuten.

Proposatutako plataformarekin, aipatutako elkarteek etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatu nahi dute. Beraien iritziz, etxebizitza ezin da erosgai soil bat balitz bezala hartu. «Gure ekimenaren bidez, etxebizitza eskubidea defenditu nahi dugu, etxebizitza duin eta eskuragarria», azaldu zuten, estatu frantsesean 3,7 milioi biztanlek bizitegi txarren egoera pairatzen dutela gogoratu ondoren.

«Zenbat etxetan ez ote da soldataren %50a arte xahutzen alokairua eta mailegua ordaintzeko? Zein bizi mota da orduan posible? Etxebizitza sakrifizioa bilakatzen da eta lepoa zorrez gainezka egotea da, eguneroko beharrei erantzuteko diru eskasez», ohartarazi zuten Lapurdiko hiriburuaren Moderne trinketean bildutakoek.

Egoera honi amaiera jartzeko, Plantouneko okupatzaileek, Lurra eta Etxebizitza kolektiboak eta Bethi Aintzina elkarteko kideek okupazioa proposatu zuten bizitegi eta bulego hutsak betetzeko tresna eraginkor gisa. Halako esperientziak badirela ohartarazi, eta Parisen, joan den ekainaren 6an, hainbat elkarteko kidek 18 etxebizitza sozial «konfiskatu» zituztela gogoratu zuten.

Parisen burututako ekintzaren bultzatzaile batek azaldu zuen bezala, «inaugurazio hau militanteen aktibismoaren eta herriko etxeen politiken arteko artikulazio onaren fruitua da. Konfiskazioak funtzionatzen duela frogatzen du halaber».

Plantouneko okupatzaileetako bat den Hartzea Lopezek GARA egunkariari azaldu zionez, «konfiskazioa administrazioak dituen etxebizitza hutsak okupatzea da, prekarietatean bizi diren herritarrei eskaintzeko».

Bi hilabeteko epea

Bestetik, hiru kolektiboek elkarretaratze bat antolatu dute urriaren 26rako, Baionako Auzitegiak Plantueneko okupatzaileei ezarritako epea bukatzen den egunerako, hiriburuaren Herriko Etxe aitzinean.

GARAk pasa den ostiralean argitaratu zuen bezala, joan den maiatzaren 23an Habitat Sud Atlantique (HSA) erakunde publikoaren etxebizitza hutsa okupatu zutenek asteazkenean izan zuten Baionako Epaitegiaren berri. Hala, bi hilabeteko epea izango dute Plantouneko etxea uzteko.

langile sozialak

Plantouneko okupatzaileekin eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboarekin batera, Baionako langile sozial batzuek parte hartu zuten ere atzo Lapurdiko hiriburuan egindako prentsaurrekoan.

Hamar egun barru

Abuztuaren 30ean, Lurra eta Etxebizitza kolektiboak elkarretaratzea egingo du Donibane Lohizuneko Louis XIV.aren plazan higiezinen agentzien lana oztopatzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo