GARA > Idatzia > Mundua

Sexu berekoen arteko lehen ezkontzak egin dituzte Zeelanda Berrian

Sexu bereko dozenaka bikote ezkondu ziren atzo Zeelanda Berrian, homosexualen arteko ezkontzak aitortzen dituen legea indarrean ezarri ostean. Ospakizunez beteriko eguna izan zen, izan ere, mundu mailan hori egiten duen 15. herrialdea da, eta Asia Pazifikoan, lehena.

p015_f02_199x100.jpg

GARA | AUCKLAND

Tash Vitalik eta Mel Rayek elkarri baiezkoa eman zioten atzo goizean, 08.30ean, Aucklandeko gobernu bulegoetan. Ehun bat gonbidatuk zoriondu zituzten irteeran beraien arteko maitasunarengatik eta ezkontzarengatik beragatik ere.

«Gaurkoa egun historikoa da. Espero dut zeremonia hau beste herrialdeei erabaki bera hartzera bultzatzeko lagungarri izatea. Zeelandaberritarrek ulertu behar dute pertsona guztiak baliotsuak direla, nor maitatzen duten aintzat hartu gabe», esan zuen Matt Titlle apaizak ezkontzaren amaieran. Zeelanda Berriak homosexualitatea 1986an despenalizatu zuen, eta 2005ean bateratze zibilak onartu zituen.

Pasa den apirilean, urtebetez eztabaidatzen egon ostean, Legebiltzarrak sexu berekoen arteko ezkontza legeztatu zuen. Louisa Wall legebiltzarkide laboristak aurkeztu zuen lege proiektua aldeko 77 botorekin onartu zuten. 44 legebiltzarkidek aurka bozkatu zuten. Legea atzo sartu zen indarrean eta Wall Vitaliren eta Rayeren ezkontza horren lekuko izan zen.

Hori ez zen izan atzoko ezkontza bakarra, dozenaka bikotek gauza bera egin zuten horretarako leku bereziak aukeratuz. Lynley Bendall eta Ally Wanikau hodeien artean ezkondu ziren, hegazki batean, eta ohiko eraztunak beharrean, Pounamu harriaz egindako koilareak eman zizkioten elkarri. Beste bi bikotek Rotoruako Museoa eta bainuetxe bat aukeratu zituzten.

«Ezkontza homosexualen gainean entzun ditugun eztabaida guztiak teorikoak izan dira. Hemendik aurrera, benetan zer diren ikusteko aukera izango dugu; senideentzat, lagunentzat maitasuna eta konpromisoa txalotzeko ospakizun bat, alegia», nabarmendu zuen hedabideei eginiko adierazpenetan.

Berdintasunaren bidean eta kolektibo horren eskubideen aitortzan lan asko egiteko dagoela ohartarazi zuen. Ematen ari diren atzerapausoen adibide gisa Errusia aipatu zuen. Vladimir Putin presidenteak homosexualitatearen kontrako kanpaina abian ipini du eta eskuin muturreko taldeen eraso homofoboak nabarmen igo dira.

Homosexualitatea 76 herrialdetan kriminalizatuta dago, eta bostek heriotza zigorra ezartzen dute. Beste muturrean, Estatu espainolak eta frantsesak, Herbehereak, Belgikak, Kanadak, Hegoafrikak, Norvegiak, Suediak, Portugalek, Islandiak, Argentinak, Uruguaik, Danimarkak, AEBetako sei estatuk, Mexikoko hiriburuak eta Quintana Roo estatuak legezkotu dituzte sexu berekoen ezkontzak.

trataera bera

Ezkontza Berdintasuna Aldarrikatzeko Kanpainak goraipatu egin zuen Zeelanda Berriak injustizia historiko bati amaiera eman izana. Nabarmendu zutenez, zorioneko albistea da pertsona guztiek maitasunerako eskubide berberak izatea legearen aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo