udate
Black & Basque jaialdiaren 3. edizioa izango da Baionan, irailaren 6tik 8ra
Euskal kulturaren eta afroamerikarraren arteko topaketa bat proposatzen du hirugarren urtez Black & Basque jaialdiak. Irailaren 6, 7 eta 8an ospatuko da Baionako Poternen, eta musikaz gain, literatura, zinema, argazkilaritza eta arte grafikoa bilduko ditu bere baitan.
Bal2vieux eta bere lagunek zabalduko dute jaialdia eta Laurent Garnier izango dute gonbidatu. Musikari dagokionez, 18.00 aldera hasiko dira kontzertuak eta bertan izango dira The Afrorockerz, Versus, Dafuniks, Kassav, Melissa Laveaux, Kalakan, Angelique Kidjo, 2zio, Oxmo Puccino eta Fanga. Goizetan, berriz, hitzaldiak, tailerrak eta erakustaldiak izango dira. Gainera, zenbait erakusketa ere ikusgai izango dira abuztuaren 30etik irailaren 18ra. Horien artean, Afrikar arte primitiboa eta euskal arte garaikidea -Zumeta, Anda, Gorriti, Sistiaga...- elkarrizketan jarriko dituen bat.
Elkar liburu-dendan, berriz, idazleen hitzaldiak egingo dira. Sholastique Mukasongak, Kirmen Uribek eta Renaud Farouxek hartuko dute parte. Kontzertuetarako sarrerak, ostiralekoak 10 euro balio ditu eta gainerako bi egunetakoak 20. Hiru egunetarako sarrera bonua 40 euroan eskura daiteke eta 12 urte bitartekoek doan sartu ahalko dira.