GARA > Idatzia > Kultura

udate

Ministroa

Joxemari Carrere

Landetako Capbreton herrian badira hogeita lau urte ipuin jaialdi bat antolatzen dutela. Aurten, harrituta gelditu nintzen Frantziako Frankofoniako ministro andrea inaugurazio ekitaldian ikusterakoan. Bere hitzaldiaren gorabeherek baino agerpenak berak harritu ninduen, imajina ezina egiten baitzait maila horretako ordezkaritza gure ipuin jaialdi batean. Jakina jaialdia ez da hobea edo garrantzitsuagoa izango ministro bat agertuz, baina ziur kontalaritzaren irudiak beste dimentsio bat izango zuela. Onerako? Txarrerako? Kontua da ohartzea non eta nola gauden orain.

Edonolako kultur ekitaldi bat antolatu nahi duenak badaki ezinbestekoa duela administrazio publikoaren laguntza. Ekitaldia handia edo txikia izan beti beharko ditu, diru laguntzez gain, azpiegiturak, baimenak eta antzeko beharrak. Batzuetan arazo handirik gabe burutzen dira harremanak, eta beharbada, ez nahi bezala, baina ekitaldiak aurrera egingo du. Besteetan, ez gutxitan, administrazioak berak sekulako arazoak eta zangotrabak jarriko ditu ekitaldia burutu ez dadin. Arrazoiak hamaika izan daitezke, baina askotan arrazoi nagusia, argi esaten ez bada ere, antolatzaileak gustukoak ez izatea da. Horretan aritu denak badaki aski ongi zer den hori.

Arazoak arazo, kultur ekitaldietan administrazio publikoaren parte hartzea ezinbestekoa da, bere lana baita kultura bultzatzea eta garatzea, eta horretan aritzen diren eragileekin harreman zintzoak izatea. Horretarako irizpide ahalik eta objektiboenak, neutroenak nahi bada, erabili beharko ditu, filia edo fobietan oinarrituko ez direnak. Kultur eragile eta administrazio publikoaren arteko harreman orekatuak, zintzoak eta garbiak ezinbestekoak dira kulturaren bideak zabaltzeko. Tamalez bi mundu kontrajarri gisa agertzen dira askotan, kaltetu handienak aipatu kultur bide horiek izanik, eta ondorioz jendartea bera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo