GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

ETAren eta Gobernu espainolaren jarrerak parekatzeko egiari muzin egin behar zaio

EAJren BBBko lehendakari Itxaso Atutxak adierazi du ETAk mugimenduren bat egitea nahiko lukeela, horrek, bere aburuz, Gobernu espainolaren egoera zaildu eta egungo blokeo egoera pitzatuko bailuke. Alde horretatik, eta aipatu egoeraren ardura zehazterakoan, buruzagi jeltzaleak PPren Exekutiboari ez ezik, erakunde armatuari ere egotzi dio, bi aldeak «immobilismoan» tematuta daudela aipatuz. Hori esatean, Atutxak ez du errealitatearekin bat egiten, izan ere, nekez leporatu dakioke mugimendurik ez egitea duela ia bi urte ekintza armatuak betirako bertan behera utziko zituela iragarri zuen erakundeari. Hori gutxi ez-eta, ordutik ETAk behin baino gehiagotan erakutsi du pausoak ematen jarraitzeko prestutasuna, beraz, ezin esan, bere jarreran setatuta dagoenik. Madrilek, aldiz, mugimendurik egin badu errepresioan sakontzeko baino ez da izan, eta nahikoa da azken hilabeteetako atxiloketa eta kartzelatzeak zenbatzea horretaz jabetzeko. Ahaztu gabe uda pasata laurogei euskal abertzale beren militantzia politikoagatik epaitu egingo dituztela. Egoerak seriotasuna eskatzen du, eta seriotasunik ez dago gezur borobila dena egiatzat jo nahi denean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo