GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Aste Nagusia beharrean, «Aste Erraldoia» izan dela dio Denis Itxasok, PSEko zinegotziak

GARA | DONOSTIA

Turisten kopuru handiari eta eguraldi onari esker, Aste Nagusia «Aste Erraldoia» izan dela aipatu zuen atzo Donostiako Udaleko PSEk. Denis Itxaso zinegotziaren esanetan, jendetza gerturatu da Donostiako kaleetara eta prestatuta zeuden ekintzetan partaidetza handia izan da, «hirian azken urteetan jarraitu den jai eredua beste behin berretsiz».

PSEk nabarmendu zuen su artifizialak izan direla jaietako ekitaldirik jendetsuenak, eta, hortaz, «Aste Nagusiko hitzordurik garrantzitsuena», jaiek berrogeita hamar urte betetzen dituzten urte honetan. Era berean, eguraldi onari esker «eguzkiaz gozatu ahal izan da hondartzetan», gaineratu zuen Denis Itxasok. Turisten etorrera ere inoiz baino handiagoa izan da, Itxasoren iritziz, «inolako biolentziarik ez dagoelako».

Ekintza guztiak «arrakastatsuak» izan direla baieztatu badute ere, PSEko kideek uste dute Sagueseko zenbait kontzertu «xumeak» izan direla. Kritika hori egitearekin batera, datorren urtera begira hobetu beharko direla iradoki zuten.

Kritikekin jarraituz, Illunbeko zezenketen debekua aipatu zuen Itxasok. Haren hitzetan, Amara auzoan ez zen sumatzen jai girorik, eta horrenbestez, bertako ostalaritzak galerak izan ditu eta jende asko «zezen-festara joateko gogoarekin gelditu da». «Jaietako ahaztua izan da Amara», aipatu zuen zinegotziak.

Itxasok ez zituen ahaztu jaietan zehar bi ezbeharren ondorioz hil ziren gazteak; Mikel Arzak eta Eduard Lapiedra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo