UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA
Aerobithoia, giro bikainean izerdia botatzeko formula
Azken urteetan bezala, astelehena kirolaren, aerobic-aren eguna bihurtu da Areatzako gunean. Ehun bat lagun ibili ziren bertan musikaren doinuen laguntzaz gorputza mugitu eta Aste Nagusian zehar edan eta jandakoa garbitzeko. Algarak nagusi, denek disfrutatu zuten koreografiekin, nahiz eta batzuek oraindik entrenamendu orduak behar.
Mikel PASTOR | BILBO
Aste Nagusiko lehendabiziko asteburua aukera aproposa bihurtzen da era bateko zein besteko gehiegikeriak egiteko. Hau da, jan, edan, dantzatu, jende berria ezagutu, ligatu... Alde horretatik, norberaren gorputza zaintzeko ardura alde batera uztea ohikoa da zortzi egun hauetako momentu gehienetan.
Gehienetan bai, ez beti baina. Ehunka konpartsakidek argi erakutsi zuten atzo sasoi bikainean daudela, eta bide batez, gauetako toxina guztiak garbitzeko moduko saioa egin zuten.
Giro eta inguru bikainean ibili ziren, gainera. Urtero bezala, pelukak, txanoak eta bestelako osagarriak ugari izan ziren, eta umorea bai, bereziki pausoak erakusten zituzten nesken aginduak betetzea ia ezinezkoa zenean.
Konpartsetako kideak ez ezik, beste lagun ugari ere bildu zen. Kiroletako arropa ondo aukeratuta, ederki ibili ziren alde batera eta bestera, birak emanez, atzera eta aurrera saltoak eginez.
Bertan izan zen Jone Artola txupinera, Txori Barroteko zenbait kiderekin. Eta egia esanda, ez zuen batere gaizki egin, nahiz eta, berak lagunei komentatu bezala, oso nekatuta bukatu.
Ukabilak gora
Guztira, hiru neskek egin zituzten gidaritza lanak arratsaldean. Aurrenekoek, aerobic «klasikoa» egin zuten, baina hirugarrenak, «Aerobox» saioa. Aerobic mota honetan, mugimendu klasikoen ordez ukabilkadak eta ostikadak erabiltzen dira figurak egiteko.
Hala ikusi genituen adin guztietako lagunak jab, crochet edota gantxoak jaurtitzen, edo sokasalto alegiazko batean jauzika. Iraia Iturregi pregonera ere hor ibili zen, eta Artolaren alboan, «denboraldiaurrearekin» jarraitu zuen. Pregonera eta txupinera, biak, asmatutako borrokaldian aritu ziren jo eta su, Marijaiak berak ere irribarre egiten zuelarik.