Futbola
Avironen hasiera etsigarria izan da
AVIRON 1
ALBI 5
Jon LEUNDA
Avironek azkeneko bi denboraldietan bi maila galdu ditu, eta, aurtengo sasoia hasi duen bezala jarraitzen baldin badu, hirugarrengoa ere galduko du. Izan ere, lehen partida galtzeaz gain, emandako itxura oso eskasa izan zen, benetan kezkagarria.
Baionako taldean aldaketa asko izan dira aurten, eta jokalari garrantzitsu batzuk ere falta ziren herenegun ilunabarreko norgehiagokan. Horrek, agian, balioko du itxaropena izateko, baina gainontzean Didier Deschamps zelaian ikusitakoa oso etsigarria izan zen.
Gauzak azkar hasi ziren okertzen, eta lehen zatiaren erdialdean gehiago okertu ziren Louit beteranoak bere atean gola sartu zuenean. Bigarren zatiaren hasiera nahiko itxaropentsua izan zen zuri-urdinentzat, baina kanpotarrek hamar minutuan hiru gol egin eta dena erabakita utzi zuten. Avironek asko hobetu beharko du mailari eusteko, eta oraindik askoz ere gehiago mailaz igo nahi badu.
Genets, bikain
Angeluko Genetsen hasiera bestelakoa izan da, lehen partida 0-2 irabazi baitzuen Angoulemen. Hori-berdeak mailaz igotzeko faboritoen artean daude, eta oraingoz oso ongi ekin diote denboraldiari. Aurreko bi denboraldietan ere gauzak era berean hasi izan dituzte, baina amaieran huts egin izan dute. Aurtengo denboraldia eta gero Ipar Euskal Herriko lehen taldea izan nahi dutela esan dute bertako ordezkariek, eta horretan saiatuko dira. Sauvestrek eta Lalanek egin zituzten golak.
Maila bat beheragoko euskal derbian, Baionako Croisesek 0-1 irabazi zion Genets B taldeari. Bisautak egin zuen Baionako beste taldearen eta partidako gol bakarra.