Antiguako Txapelketaren finalak
Antiguako txokoak ez du sekreturik Urbietarentzat
Arteaga-Erasun gazteetan eta Urbieta II.a-Telletxea nagusietan uste baino errazago nagusitu dira.
Jon ORMAZABAL
Afizionatu mailan urtean zehar jokatzen diren txapelketarik berezienetakoa da Donostiako Antigua auzokoa. Euskal Herriko zaharrena izateaz eta finaletan biltzen den jendetzaz harago -sarrera ordaindu behar izan bazen ere goraino bete zen frontoia atzokoan-, bertako pilotalekuaren txikitasunak ematen dio halako xarma partikular bat. Ez da beti erraza izaten bertan jokatzea, baina Xabier Urbieta asteasuarrarentzat ez du inolako sekreturik Antiguako frontoi txikiak, eta, hala, iaz Beñat Rezustarekin lortutako txapela errepikatu zuen, oraingoan Xabier Telletxearen laguntza bikainarekin.
Zaila zirudien, ia ezinezkoa, Urbieta II.ak finalerdian emandako maila berdintzea, baina atzokoan ere beste erakustaldi bat eman zuen. Agian eraginkorrago eta ez horren ikusgarri aritu zen, baina finaleko protagonista nagusia izan zen zalantzarik gabe era guztietako tantoak eginez. Urte hasieran kilo asko galarazi zizkion gaixotasuna erabat ahaztuta, joko bolada izugarrian dago asteasuarra; zailena ere erraz egiten du eta pilota abiadura bizian irteten zaio eskuetatik -bereziki pilota mozten duenean-. Horrenbestez, afizionatu mailan oso gertutik jarraitu beharreko pilotaria dela berretsi zuen beste behin.
Gainera, oso ondo ezagutzen duen Telletxeak bikain lagundu zion atzokoan -lehengusu txikiak dira bi txapeldunak-. Kerman Galarza Antiguan bikain moldatzen den arren, Albizturko atzelaria une oro nagusitu zitzaion eta uste baino garaipen errazagoa lortu zuten. Santxo saiatu zen, baina Galdakaokoa ez zen bere mailan aritu eta bikote gipuzkoarra uste baino errazago nagusitu zen historiarik gabeko finalean: 6-22.
Gazteetan, antzera
Lehenengo aldia zen atzokoa Antiguan bi final bakarrik jokatzen zirela, eta, egia esan, pilotazaleren batek pilota gosez amaituko zuen goiza, bi partidek ere uste baino oreka gutxiago izan zuten-eta.
Gazteen mailako partidak eman zion hasiera jaialdiari, eta, hemen ere, aurrez pentsa zitekeena baino erosoago nagusitu ziren Arteaga eta Erasun gipuzkoarrak, Espinal eta Ibarrondoren aurrean (12-22). Hemen ere, urdinen aurrelaria izan zen lehiako protagonista nagusia eta gorriek apenas izan zuten ezertarako aukerarik.
SORHUET-HARIZMENdi 40
xala-ducassou II.a 38
Gazte zein nagusien finalek antzeko gidoiak jarraitu dituzte: bietan bikote urdina espero baino errazago nagusitu da, eta, bietan, aurrelari urdina izan da onena, Arteaga eta Urbieta hurrenez hurren.
40
38