Berezkoak | Larraineko Torneoko finala
Sebastien Sorhueten maila erabakigarria izan da amaierako markagailuan
SORHUET - HARIZMENDI 40
XALA - DUCASSOU II. 38
Jon LEUNDA
Sorhuetek eta Harizmendik aurreikuspenak bete egin zituzten, eta beraiek eraman zuten Larraineko torneoa. Atzokoan bai, atzo Xala aritu zen. Lekuinekoak sakearekin min handia egin zuen, baina gainontzean besteengandik nahiko behean ikusi zen. Atzo berriro ere Ducassou gazteak sekulako partida egin zuen, eta horri esker txapela lortzeko aukerei eutsi ahal izan zieten berak eta Xalak amaierara arte, baina azkenean ezin izan zuten.
Partida bera nahiko polita izan zen, berdinketa ugarirekin, eta amaierara arte ez zen ezer erabaki. Gakoa, ordea, aurrean egon zen, atzean Ducassou II.a berriro ere jaun eta jabe izan baitzen. Xalari, ordea, kintzeak behar bezala amaitzea ikaragarri kostatzen zaio, batez ere trinketean, eta horrela alferrik izaten da atzean nagusitzea.
Sorhuetek, aldiz, tantoa azkar amaitzen zuen, eta horri esker, garaipen eder bat eraman zuten, zaleen txalo artean, finala ikusiz ongi pasa baitzuten.