itsasoa
WCT zirkuitua: Kelly Slater rankingeko buru Tahitiko txapelketaren ostean
Adrian Buchan australiarrak irabazi zuen txapela Teahupoko ezker olatu famatuan. Bigarren postuan geratu zen Kelly Slaterrek, berriz, ranking orokorrean lidergoa lortu zuen. Uneotan irailean Kalifornian izango den txapelketarako prestatzen ari dira WCTko lehiakideak.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Udazkeneko ateak parez pare irekitzear dauden honetan eta ASP zirkuitua azken txanpan sartzear denean, ranking desberdinei begirada bat botatzea interesgarria izan daiteke, urte amaieran txapeldunak nortzuk izan daitezkeen aurreikusten hasteko. WCTko zirkuituan, esaterako, aldaketa nabarmenak izan dira zirkuituko zazpigarren txapelketa egin ostean.
Tahiti
Pasa den astean Tahitin egiten ari ziren munduko surf txapelketan olaturik gabeko barealdi bat iragarri zuten antolatzaileek. Mirari bat gertatu zen, ordea, itsas kolpe batek bi metroko olatu perfektuak altxarazi zituen, eta, munduaren alde honetan gauaren goxotasunaz gozatzen ari ginen bitartean, Teahupoko olatuetan azken hilabeteotan izan den ikuskizunik ederrenetako bat eman zuten WCTko lehiakideek.
Antolatzaileek, olatu haiek asko iraungo ez zutela aurreikusi ostean, txapelketa osoa jarraian egitea erabaki zuten; beraz, gauez eta leher eginda amaitu zuten lehiakideek munduko ezker olatu arriskutsu eta zailenetako batean egiten den txapelketa ospetsua.
Abuztuaren 19an amaitu zen WCT zirkuitua osatzen duten hamar txapelketetatik seigarrena. Ordura arte, ranking orokorrean Mick Fanning australiarra zen buru; azken txapelketaren ostean, Kelly Slater estatubatuarrak eskuratu du lehen postua eta Fanning bigarren postura jaitsi da. Ez da aldaketa bakarra, izan ere, Teahupon inork gutxik espero zuen norbaitek irabazi zuen txapelketa; Adrian Buchan australiarrak, alegia.
Kelly Slater eta Adrian Buchan izan ziren finalean. Bi metroko olatu ederretan tubo zail eta luzeena egiten zuenak irabaziko zuen txapelketa. Likra arrosarekin, australiarrak 18,94 puntu bildu zituen guztira bere bi olatu onenekin. Jaitsiera zaileko bi tubo luze eta garbi egin zituen Buchanek. Likra zuriarekin, berriz, Slaterrek arriskatu egin zuen, eskuin olatuak ere hartu zituen, eta koralaren gainean oinez itsasoratzen ere ikusi genuen olatu baten ostean aparra desagertu eta hondoak azaleratu zirenean. Baina, hala eta guztiz ere, Floridakoak ez zuen behar zuen olatu magikoa topatu eta 17,90 punturekin bigarren postuan geratu zen. Aspaldiko partez, goofy edo ezker surflari batek eskuratu zuen txapela, baita ongi eskuratu ere, Buchanek sekulako txapelketa egin baitzuen.
Buchanek kaleratu zituen lehiakideen artean John John Florence gaztea izan zen. Final laurdenetara iritsi zen, eta txapelketako olaturik onena berak egin zuen. Oso urrun hartutako olatu batean, tubo luze eta zail bat egin zuen, jada horrekin hamar bat ziurtatu zuen, baina, iaz Pipelinen egin zuen modu berean, tubotik atera eta hamarreko ziur bat egin arren, bigarren tubo bat egiteari ekin zion. Beraz, olatu berean bi tubo itzelezko egin zituen, eta, gainera, olatua behar bezala amaitzeko-edo, bira erradikal batekin amaitu zuen olatua, ia urik ez zegoen apar artean.
Aurtengoan goofy edo ezker surflariek izan duten presentzia nabarmena izan da, batez ere azken txandetan. Finalerdietan, esaterako, bi goofy eta bi regular (eskuin surflari) aritu ziren. Batetik, Adrian Buchan eta Mick Fanning lehiatu ziren elkarren aurka, eta, bestetik, Kelly Slater eta Kai Otton -azken hori ere ezker surflaria da-.
Azken emaitzen ostean, Fanningek rankingeko lidergoa galdu du, eta, bere ordez, 11 bider munduko txapeldun izan den Kelly Slater jarri da buru. Joel Parkinson australiarrak hirugarren postuan jarraitzen du, eta, laugarren postuan, berriz, Jordy Smith surflari hegoafrikarra aurkitzen da.
Rankingean postu gehien igo dituen lehiakidea Adrian Buchan izan da dudarik gabe. Izan ere, Teahupon irabazi ostean bost postu gora egin ditu, eta egun zortzigarren postuan da.
WCT zirkuituko hurrengo geldialdia Kalifornian izango da, irailaren 15etik 21era bitartean, Trestleseko olatu bihurrietan. Horren ostean, berriz, itzuliko zortzigarren txapelketa egingo dute Hossegorren, Frantzian.
Horiek horrela, hiru dira aurtengo txapela eskuratzeko aukera gehien dituzten surflariak. Hain zuzen ere, lehen hiru postuetan aurkitzen direnak: Slater, Fanning eta Parkinson.