GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Desagertzera goaz

Naturak bereizi gaitu, sortutakoa hotzetan mantendu edo jasotakoa ernaltzeko. Aurkakoa egitea, beraz, naturaren kontrakoa da. Garagardoak hotz mantentzeko labea erabiltzea bezala. Ez naiz ni haurrak egitea naturaz dagokigun zerbait dela dioen horietakoa, ezta afera honekin loa galduko duen morroia ere. Baina gauza bat argi dago: desagertzera goaz.

p034_f02_97x140.jpg

 

Zintzilik zituen koskabiloak ez izozteko asmatu omen zuen gomazko ur jantzia Jack O'Neill surflari mitikoak. Ordutik goxo-goxo gordetzen ditugu gure zapaburu fabrikak bi, hiru eta lau milimetroko neoprenoen babesean. Emakumeek ez bezala, gizonok freskoago egoteko daukagu hozkailua kanpoaldean, zintzilik, Gabonetako pinuak kolore anitzetako apaingarriak izaten dituen modu berean.

Naturak bereizi gaitu, batzuk sortutakoa hotzetan mantentzeko eta besteak jasotakoa ernaltzeko. Dagokigunaren aurkakoa egitea, beraz, oso gizatiarra izango da, baina naturaren kontrakoa, garagardoak hotz mantentzeko labea erabiltzea bezala.

Azken urteotan gero eta hedatuagoa dagoen moda da bainujantziaren azpitik galtzontziloak eramatearena. Inoiz ulertuko ez ditudan beste hainbat moda deseroso horietako bat gehiago da; galtzak ipurdi azpian arrastaka eramatearena bezala, edo haurrak egitearena bezala. Helburua estetikoa dela suposatzen dut, nahiz eta zentzu horretan ere itsusia iruditu. Kontua da, egun, edozein gaztetxok bere izozkailu sakratua ongi babestua daramala, bainujantzi eta galtzontziloen azpian.

Baina, egun, «txaparroak» ez dira igeri egiteko erabiltzen; etxeko eserleku bigunak ongi berotutako azpialdeak itsasoko freskotasunaz gozatu aurretik egin beharreko etxetik uretarako bidean kanikak goxo-goxo edukitzen jarraitzeko erabiltzen dira. Izan ere, itsasoan, moilan edo errekan, edonork darama surflariek erabili ohi duten neoprenozko ur jantzia, gorputz azalari arnas hartzen uzten ez diona, bigarren azal geruza deritzona.

Beraz, etxeko egongelako kuxinen goxotasunetik bainujantzi eta galtzontziloen babesera, eta, handik, neoprenoaren bero hermetikora; hoztu nahi duen hozkailuak ez dauka ez lan makala. Horrela ez dago espermatozoide bat bera ere sortzeko modurik. Horrela, esne zuria baino, ur gardena isuri behar du hasperenetan dabilenak. Eta zein obulu ernalduko da haren horma zeharkatzeko borrokan egingo duen zizare ejertzitorik ez bada?

Askotan entzun izan dut haurrak erditzea gizonen esku balego aspaldi desagertuak ginatekeela, eta ados nago, hori ziurtatu didaten milaka adibide ikusi izan baititut. Baina erditzeko beharrezkoa den prozesuak kate bat jarraitzen du, eta, hor, abiapuntuan, eten bat baldin badago, akabo!

Agian, garrantzi handiegia ematen ari naiz arrautza pareari, zeren benetan garrantzitsuak balira barruan leudeke, ezta? Hori da burusoilek ileaz mintzo direnean diotena, alegia, ilea beharrezkoa balitz gorputz barruan atal korazatu batean ongi babestuta izango genukeela.

Ez naiz ni haurrak egitea naturaz dagokigun zerbait dela dioen horietakoa, ezta afera honekin loa galduko duen morroia ere. Ez naute zapaburuek arduratzen, azken finean, zenbat milaka ez ote ditut nik neuk alfer-alferrik akabatu? Baina gauza bat argi dago: desagertzera goaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo