«Kohesioa» aldarrikatu du Elorzak Igeldoren desanexioaren aurrean
1813ko Donostiaren suntsiketa eta berreraikitzea aitzakiatzat hartuta, gertakari hura erabili eta paralelismo bat egin du Odon Elorzak, hiritarrei orduko «kohesioa» eskatuz, Igeldoren desanexio prozesua medio. Horretarako, parte hartze prozesu bat aldarrikatu du.
GARA |
Gipuzkoako Foru Aldundiak abiatu duen Igeldoren desanexio prozesuarekin ados ez eta Donostiarren arteko «kohesioa» aldarrikatu du hiriko alkate izan zen Odon Elorzak. Hala mintzatu da Odonelorza.com bere blogean idatzitako post batean, non hiriak 1813an pairatu zuen suntsiketa eta ondorengo berreraikitzearekin paralelismo bat egiten duen, «omenaldi modura», orduko hartan hiritarrek izan zuten jarrera txalotu eta orduko batasuna aldarrikatuz.
Horretarako, prozesu parte hartzaile bat aldarrikatu du eta Bilduri alderdikeriaz jokatzea egotzi dio. Hainbestetan aldarrikatzen duen «kohesio» horrek, Elorzaren esanetan, balore konkretu batzuk errekuperatzen lagunduko luke, «bizi dugun krisi ekonomikotik irteten lagunduko luketenak». Eskaera hori udal gobernuari egiten dio espresuki, «urteetan sufrimendua eragin duten horiei, hainbat proiektu gutxietsi eta, era berean, erabili egin dituzten horiei, alderdikeriarik gabe gobernatzen ez dakitela erakutsi duten horiei».
Bildu jomugan
Finean, Bilduren jarduna kritikatzera jotzen du PSEko kideak. Koalizioak «HBren zantzuak» dituela gaineratzen du eta Donostia helburu politikoak lortzeko erabiltzen duela egozten dio. «Alderdikeria horren adibidea da Igeldoren burujabetzaren alde duten jarrera», azpimarratzen du. «Horregatik, aukera paregabea du Bilduk bere jarrera aldatu eta hiriaren suntsiketa eta berreraikitzearen berrehungarren urteurren hau hiritarrak batzeko erabiltzeko», dio Elorzak. Hori, askotarikoen arteko parte hartzearekin egitea aldarrikatzen du gainera.
«Gizalegezko kongresu batekin amaituko litzatekeen prozesu baten falta sumatzen dut, 1813an Zubietan egin zenaren parekoa», gaineratzen du, bertan bildu baitziren Gipuzkoako hiriburuko herritarrak Donostia berreraikitzen hasi aurretik. Prozesuak zertarako balio beharko lukeen ere argi dauka Donostiako alkate ohiak: «krisi ekonomikoak utzi dituen ondorioei aurre egiteko, ETAren amaieraren ondorengo agertokia eraikitzeko eta globalizazio prozesu uniforme bat emateko».
Azken egunetan hedabideetan Igeldoren desanexio prozesuaren inguruko albisteak ugaritu egin direla-eta, prentsaurrekoa emango du gaur Itxas Aurre elkarteak Donostiako Udalean taldearen jarreraren berri emateko.
Galdeketa ez lotesle bat egiteko inoren baimenik ez duela behar argitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, hainbat komunikabidek aurkakoa argitaratu badute ere.