UDATE
Uharte Arakil: artzainak nagusi diren lurrak
Amaia GARTZIA
Uharte Arakileko Artzain Eguna dugu gure lurretan artzain txakurren lehiaketak antolatzen aitzindaria. Izan ere, Katalunian ez bezala, XX. mendearen erdialdean ez zen gure artean horrelako lehiaketarik egiten. Katalunian, aldiz, 1948an ospatu zen lehenengoa, Gironako Pirinioetako Riber de Freses herrian. Gertakizuna ez zen oharkabe pasa, eta, Oñatiko mendizale talde batek, Kataluniako lehiaketaren antolatzaileak eta bi artzain gonbidatu zituen handik zazpi urtera erakustaldi bat egitera. Zita, 1955ean izan zen, Urbiako zelaietan. Hortik aurrera, froga horiek areagotuz joan ziren, azkenik, Uharte Arakilek Nafarroako lehen txapelketa ospatzeko erabakia hartu zuen arte. 1963ko irailaren 17an jarri zuten lehen hitzordua, baina, aldiz, bezperan sortutako sute izugarri batek beste sei urtez atzeratu zuen Artzain Eguna. Izan ere, Sakanako herriko alde zaharreko laurden bat suntsitu zen zorigaitzeko egun hartan. Hori bai, 1969. urtetik, Artzain Eguna etenik gabe ospatuz joan da abuztuaren azken igandean, tartean, noski, txakurren trebetasun frogak hartuz.
Gaur egun, Artzain Egunaren baitan hainbat lehiaketa burutzen dira, esaterako: Nafarroako Ardi Latxa Esne Gordinaz Egindako Gazta Txapelketa, Latxa Berezko Abere Arrazaren Lehiaketa, Ardi Mozte Mekanikoko Txapelketa edota ospe handiena daukan Artzain Txakurren Txapelketa, Euskal Herriko eta nazioarteko txapelketetarako sailkagarria dena. Makina bat ekintza, beraz, den-denak artzainaren figura omentzeko, bera izaten baita zita honetako protagonista nagusia.
Denboran Artzain Eguneko txakur lehiaketak izandako bilakaera ezin hobeto pertsonifikatzen du Ricardo Goikoetxea uhartearrak. Lehenengo edizioa egin zenetik ez du hutsik egin, eta lehenengo hartan, gainera, artzain txakurren lehendabiziko txapelketa irabazi zuen 16 urte besterik ez zituela. «Oso txakur ona neukan», ekarri du gogora Goikoetxeak berak. Betidanik egon da Goikoetxea artzaintzari lotuta: «Artzain lanetan ibili naiz jaio nintzenetik. Jaio eta amak bularreko mina harrapatu zuen, eta, hala, ahuntz-esnearekin hazi nintzen».
Urteotan guztietan zehar, artzaintza izugarri aldatu da Goikoetxearen esanetan: «Txabola zahar batzuetan ibiltzen ginen lehen mendian. Orain, aldiz, dena industrializatu egin da». Azken murrizketek lanbide zahar hau kaltetu duten eta egoera okerrera egiten ari den galdetuta, argi dauka berak: «Lehengo artzainak gaurkoak baino hobeto bizi ziren. Oraingoek erosotasun guztiak dituzte, baina lehengoek umore askoz hobea zuten!». Hala bizitzen ohituagoak zeudela pentsatzen du artzain honek: «Mendiko bideetan elkar ikusi eta gustura-gustura aritzen ginen».
Apiriletik irailera Andian egoten den artzaina da Goikoetxea, urtero-urtero Beriain mendi dotorea zeharkatzen duelarik. Aurtengo nobedadeen artean, igarotze hori irudikatu zuten atzo Uharte Arakileko kaleetan barrena. «Edozeinek ez luke bizitza hori aguantatuko», jarraitzen du Goikoetxeak, «tximistak, euria, elurra...», zerrendatzen du. Gazta antzinako erara egitera ohituta dago, eta, atzo, hain zuzen ere, antzinako erara gazta nola egiten den erakutsi zuten Uharte Arakilen. Nahi zuenak emaitza dastatzeko aukera ere izan zuen. Izan ere, hori da Artzain Eguneko helburuetako bat: ekoizleek bertako latxa ardiekin egiten dituzten Idiazabal gaztak zuzenean saldu ahal izatea. Haatik, Artzain Egunean gero eta gutxiago saltzen dutela nabarmentzen dute askok, Baraibarko Nikasia Arangoak adibidez. «Salmenta asko jaitsi da azken urteotan. Lehen, hemen, Uharten, erruz saltzen zen», aitortu du emakumeak. «Ikusten duzue, jendea etorri bai, probatu ere bai, baina pasa-pasa-pasa...», dio. Aurtengo salmentak «mantso-mantso» doazkiela aipatu eta 15 bat kilo saldu dituztela esan digu.
Nikasiarekin bat zetorren Uztegitik etorritako Maider Agirrebarrena ere salmentak «asko» jaitsi direla esaterakoan: «Ferietan pare bat gazta oso sal ditzakezu, eta, gero, laurdenak, erdiak... Aurten, gehienez ere, zortzi gazta salduko ditut...», adierazi du eguerdirako laurden batzuk salduta zituen Nafarroako Ardi Latxa Arrazako Hazleen Elkarteko kideak. Agirrebarrena bera ere murrizketen aurka azaldu zen zeharo: «Hobekuntza genetikoaren aldetik azken urteetan egin den lana kili-kolo dago uneotan». Esaterako, ardiek urtean kasik litro bat gehiago ematerainoko hobekuntza ezerezean geratzeko arriskuan omen dago.
Uharte Arakilera joaten hamabost urte daramatza Urdazubiko Xabier Bengoetxeak. Aldaketa askorik ez da egon salmentetan haren kasuan: «Agian gazta erosteko momentuan jendeak pusketa bat edo erdia erosten du orain, baina, bestela, normalki, erosle gehiago izaten dira, eta, azkenean, denen artean berdintsu geratzen da kopurua». Murrizketak direla-eta, prezioa «sobera» ezin dutela igo aitortu du gazte honek. Murrizketen aurkako aldarrikapena kolore horiarekin irudikatu zuten bai artzainek bai gaztagileek. «Ardi latxa arriskuan!» lelodun kamisetak zeramatzaten denek jantzita eta salgai ere bazituzten. Atzoko Artzain Eguna izan zen denak elkarrekin kalean egindako lehen ekintza.
Azken urteotan Nafarroako Gobernua ardiak hazteko sistema intentsiboago baten erabilera sustatzen ari delako kexu agertu ziren beste behin ardi latxarekin lan egiten duten abeltzainak. Salatu zutenez, beste ardi arraza bat erabiltzea eskatzen duen eta esplotazio itxietan egiten den sistema batera bultzatzen ditu administrazioak. Horrez gain, ardi latxak mendian izategatik jasotzen zituzten laguntzak eta arrazaren hobekuntzan lan egiten zuten artzainei zuzendutakoak guztiz kendu dituztela salatu zuten.
Azken 25 urteotan ardi latxa egungo egoerara egokitzeko lanean jo eta su aritu den Nafarroako Ardi Latxa Arrazako Hazleen Elkartearen diru laguntza bera ere %30 murriztu du Nafarroako Gobernuak. «Arazo iturri ez ditugu bakarrik jada ezarritako murrizketak. Izan ere, etorkizunean pentsatuta, Nafarroako Gobernuarekin izan ditugun elkarrizketetan argi ikusi dugu ez dutela inongo konpromisorik ez elkartearekin ez artzainekin». Etorkizunera begirako konpromiso ez horrek, ardi latxa arriskuan jartzen du Nafarroako Ardi Latxa Arrazako Hazleen Elkartearen ustez.
Errebindikazioez gain, ardiek eta artzain txakurren erakusketek ere begi ugari erakarri zituzten atzo Uharte Arakilen. Aurtengoan, latxa arrazako ardien erakusketa azken urteetako handiena izan zen. Txakurren artean, bestalde, euskal artzain txakurrek, Pirinioetako artzakur izugarriek eta collie arrazako txakurrek txikienen arreta erakarri zuten. Orobat, artzainen bizitzari buruzko liburuak ere salgai jarri zituzten. Urte osoko lanbide gogor baten egunerokoa argazki eta testuz islatu dute Iñaki Bergarak eta Ion Orzaizek: «Transhumantzia, mendizerretarako igoera, gazten elaborazioa, negualdia eta erditze sasoia jaso ditugu besteak beste». Bertako artzainak protagonista dituzten liburuok duela pare bat urtetik jartzen dituzte salgai.
Hori kolorea nagusi izan zen atzo Uharte Arakilen egindako azokan. Nafarroako Gobernuak egindako murrizketak direla-eta, Nafarroako Ardi Latxa Arrazako Hazleen Elkarteak kamisetak jarri zituen salgai, eta, bertako kide gehienek, gainera, kamisetok eraman zituzten soinean egun osoan zehar. «Gizarteak arazo hau kontuan har dezan eraman dugu aurrera ekintza hau», azaldu zuen Maite Lasarte elkarteko idazkari teknikoak. Milaka urte dituen ardi latxa diru laguntzak kentzeagatik desagertzeko zorian ez dagoela badakite, baina, aldiz, orain arte elkarteak euskal arraza hori bizirik mantentzeko egindako lanik gabe etorkizunean arazoak izan daitezkeela uste dute.
«Artzainek lanean jarraitzeko baliabiderik ez badute, gutxika ardi latxa bera ere desagertzeko arriskuan egongo da». A.G.