GARA > Idatzia > Kultura

udate | ipar ekhian

Greziako ikastolak

 

Jon GARMENDIA | Idazlea

Agian teoria hutsal bat da, agian zientzia fikzioa, edo agian errealitatea, baina entzun zenuenetik buruan daukazu. Bueltaka. Europako azken indigenak zinetela entzuna zeneukan, askotan gainera, baina, manera horretan, nehoiz ez zenion buruari galdera pausatu. Zuek desagertzeko zeukaten interesaren azpian zer gordetzen ote zen. Berak erran zizun arte. Lehenik galdera egin zizun: «Euskaldunok zer daukazue berezia?». Eta pentsatzeko astirik hartu gabe, «hizkuntza!» erantzun zenion zuk. «Bai, posible da, baina hori herrialde guztiek daukate, bakoitzak berea», hala erantzun zizun. Eta hizketan jarraitu zuen: «Zuen altxorra ikastolak dira, adin guztietako jendeak, eta elkarturik, aurrera ateratzen duzuen proiektua, hura da ebatsi nahi dizuetena, hezkuntzaren ardatza, eta berena ezarri, hala egin zutelako orain milaka urte Europako indigena guztien hezkuntzarekin. Lehen kolpea hori, bigarrena, segidan. Greziarrak ziren kulturaren ardatz Europan, musikan, matematikan, filosofian... aurreratuenak, eta, haiek, haurrak eskolara eramaten zituzten, eta, haurrek, harreman zuzena zuten heien komunitatearekin; arotza, okina, errementaria edo medikua bisitarazten zieten, haien polis hura ezagut zezaten, eta, handik, mundua ulertzeko. Helduek, zaharrek eta umeek, dena partekatzen zuten elkarrekin». Eta Europan erromatarrak nagusitu zirela erran zizun gero, eta haien bizimoldea ezarri eta besteena desagerrarazi zutela. «Eta gurutzearen ikurrekoek beren nagusitza inposatu zuten, eta, handik hona, egungo boterearen hezkuntzak hartu du indarra, umeak bahitu egin dituzte, eskolara eraman eta gizartetik urrundu. Han diziplina erakusten zaie, obedientzia, bakoitzaren formakuntza da garrantzitsu, eta indibidualizazioak hazkuntza du bertan». Eta honela, geroztik, ikastolak defendatzeko helduleku berri bat daukazu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo