GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Kanporaketa

Beltzak, ezustea eman eta finalerako txartela lortu du

Berarekin batera, Pellejerok eta Resanok ere lortu dute helburu nagusia.

p032_f01_148X96.jpg

Jon LEUNDA

Goizeder Beltzak irabazi zuen atzo arratsaldean Lakuntzan jokatu zen Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa, eta, berarekin batera, Pellejerok eta Resanok lortu zuten finalerako txartela. Hiru horiekin batera, Eneko Otaño, Telletxea eta Mieltxo Saralegi neurtuko dira azken saioan, baina horrek ez dauka oraindik ez data ez lekurik ere.

Atzoko azken emaitzan ustekabea gertatu zela esan daiteke, Beltza ez baitzen faboritoen zerrendan agertzen, baina finalerako txartela lortzeaz gain, lehen postua ere eskuratu zuen. Beste bi ezusteak Kastrorenak eta Eneko Saralegirenak izan ziren. Bi horiek bai sartzen ziren kinieletan, baina bietako inork ez zuen lortu azken egunerako txartelik. Asier Pellejero eta Iban Resano sailkatu izana normaltzat jo daiteke.

Dena dela, atzoko saioan sekulako emozioa izan zen, lehen postutik seigarrengora minutu eta erdiko tartea besterik ez baitzen egon. Hori bai, atzo Lakuntzan izan ziren denborak orain dela bi aste Aian jokatu zen lehen kanporaketakoak baino dezentez txarragoak izan ziren. Horren erakusle, Aiako lehen sei aizkolariek atzoko onenak baino denbora hobea egin zuten, nahiz eta agian egurretan ere alde apur bat izan zitekeen.

Bi jardunaldietako denborak batuta, onena Eneko Otañorena izan da, orain bi aste Aian jokatutako kanporaketan lortutakoa. Hain zuzen ere, 9.29ko denbora egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo