Lasto-botatzea | Euskal Herriko finala HERRIZ HERRI
Tubik nagusitasun osoarekin eraman du denboraldiko bigarren txapela
J.L.
Tubik irabazi zuen herenegun Bilbon Euskal Herriko Lasto Botatze Txapelketa. Kirol ikusgarria izaten da hau. 13 kiloko lasto fardoa erabiltzen dute, eta ahalik eta altuen bota behar izaten dute kirolariek.
Listoi bat jartzen da atletismoko hainbat probatan bezala, eta, hori gainditu ahala, gero eta gorago jartzen da. Hori bai, kirolari bakoitzak hiru aukera izaten ditu hori gainditzeko; hirugarrengoan ere ez badu asmatzen, kanporatuta geratzen da. Aurrez aipatu bezala, Tubik eraman zuen garaipena, 6,30 metroko marka lortuta. Bigarren postuan Andde Arbenoitzek amaitu zuen, eta 6 metro izan zen bere marka. Hirugarren Joxe Lapazaranek amaitu zuen, podiuma osatuz, eta honek ere 6 metro bota zituen, baina lapurtarrak baino huts gehiago egin zituen, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Tubik aurtengo bigarren txapela du hori, abuztuaren 15ean jokatu zen Euskal Herriko Lasto Altxatze Txapelketa ere berak irabazi baitzuen. Horrekin batera lastoaren inguruko probetan jaun eta jabe dela argi utzi du aurtengo sasoian.
Bestetik, pasa den astean jokatu ziren Bizkaiko Herri Kirol Plataformaren hainbat txapelketa eta txapeldun ugari ere atera ziren. Orga-jokoan, Oskar Perezek eraman zuen txapela, baina ez zen izan lortu zuen bakarra, berak irabazi baitzuen txinga-eroatekoa ere. Emakumezkoen lokotx-bilketan, Garazi izan zen onena, eta, gizonezkoen ingude-altxatzean, Ardeok eraman zuen Bizkaiko Herri Kirol Plataformaren txapela.