GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | BILBOKO ASTE NAGUSIA

Zerua bera ere negarrez, Marijaia datorren urtera arte agurtzean

Agur esateko ordua iritsi da. Euri eta su artean desagertu zen bart Marijaia, bederatzi egunez Bilboko Aste Nagusiko protagonista nagusia izan ostean. Mesedeetako zubitik udaletxeraino, Bilbo ibaiko uretatik bertatik zeharkatuz agurtu zen. Bertaratutakoek azken agurra egin zioten datorren urteko jaiak arte.

p054_f01.jpg

p054_f02.jpg

p054_f03.jpg

p055_f01.jpg

p055_f02.jpg

p055_f03.jpg

p055_f04.jpg

p053_f01.jpg

Jonebati ZABALA

Bukatu dira Bilboko jaiak, eta zerua bera ere triste, negarrez hasi zen atzo gaueko amaiera ekitaldian. Egun hauetan jende askok begiratu du atzera duela 30 urte izan ziren uholdeak gogoratzeko. Eta atzo, bazirudien Marijaiak ere ibaia ito zuen ur hari erreferentzia egin nahi ziola, sutan, euriari erronka botatzen baitzion, ea nor indartsuago. Aste Nagusiko erregina agurtzeko, 22.20ak inguruan hasi zen ikuskizuna, itsasadarrean barrena, eta orduantxe hasi ziren euri tantak ere. Mesedeetako zubitik bere ibilbideari ekin zion Marijaiak, katamaran baten gainean, Deustuko 28 arraunlariren laguntzarekin. Aldamenean, beste traineru batean, Iraia Iturregi pregoilaria, bederatzi egun hauetan, txupinerarekin batera, bere itzala izan dena laguntzen. Normalean, txupinerak ere parte hartzen du ekitaldi honetan, baina, aurtengo debekua dela-eta, Jone Artolak ezin izan zuen bertan egon.

Ibaiaren bi aldeak eta zubiak jendez gainezka, berandu ailegatu zirenek euritakoen arteko zirrikituetatik ikusi behar izan zuten ekitaldia. Ibaian aurrera egin ahala, txosnetako argiak itzali zituzten, eta argi kanoi batek Marijaia argitu eta protagonismo osoa eman zion. Areatzako zubian, piroteknia efektuak jarri zituzten martxan, katamarana eta ibilbidea gehiago argituz.

Udaletxe parean, Iraia Iturregik azken agurra egin zion Marijaiari, eta bilbotarrei «aste ahaztezina» eskertu zien. Sua piztu eta garrek berehala desagerrarazi zuten jaietako ikur nagusia. Datorren urtean berriro ere bueltatzeko, jakina. Ekitaldia bukatzeko, Shanti Basaurik Marijaiaren agurrerako propio asmatutako «Agur Marijaia» kantua jarri zuten.

Urteko aste luzeenaren azken orduetan, triste zeuden pregoilaria eta txupinera ere. Laburra egin zaie jaietako «abentura» Iraia Iturregi eta Jone Artolari; oraindik beste astebetez jarraitzeko gogoz zeuden biak. «Oso intentsoa da bai, eta nekatuta bukatu dugu, baina pena handia ematen digu, zalantzarik gabe, errepikatzeko moduko esperientzia izan da», kontatu zuen Iturregik. Txupinaren debekuaren ostean, ahalik eta normaltasun handienaz jokatzen saiatu dira biak; hala ere, normaltasun horren barruan mugak aurkitu dituzte, egitarau ofizialeko ekitaldietan parte ez hartzea, esaterako. Artola, baina, ez da geldirik egon; «Bilboko ekitaldi gehienak, ia guztiak, konpartsek antolatzen dituzte eta horietan guztietan egon naiz», argitu zuen.

Eztabaida «bazter batean utziz», jaietako azken egunaz gozatu, eta «lasai-lasai ibili» nahi zuten emakume biek, eta, astelehenetik aurrera, «bizitza normalean» egingo dituztela balorazioak adierazi zuen Artolak. Iturregiren papera ez da samurra izan, izan ere, debekuak eta eztabaidak «erdian» harrapatu baitute nolabait pregoilaria. Berak argi du, dena dela, ideia nagusia Aste Nagusiaz gozatzea zela, eta hori aise lortu dute, «denak batera egonez eta kanpotik heldu den polemika bazter batean utziz». Lagun handiak bilakatu dira. «Guk ederto pasatu dugu jaietan, elkar ezagutu dugu gainera, eta elkar maite dugu», kontatu zuen Artolak.

Bederatzi egunotan hainbeste bizipen izan dituzte pregoilariak eta txupinerak, momentu bakarra nabarmentzea ezinekoa dela. Konpartsen Bandera Urdina jaso zuen larunbatean Iturregik. «Konpartsero piloa dira, eta nik egindako lanak horrelako errekonozimendua izatea itzela izan zen, jaietako momentu hunkigarrienetakoa», aitortu zuen. Konpartsen «oso irudi ona» darama, pregoilariak, eta datorren urtean jaiak «barrutik bizitzeko» asmoa du. Txupinazoaren eguna ere oso berezia izan zen Iturregi zein Artolarentzat. «Arriagako balkoian Iraiak besarkatu ninduenetik, gaur [atzo] arte, zirraragarria izan da, etengabea». Bat datoz biak: garrantzitsuena herritarrengandik jaso duten «babesa eta maitasuna» izan dira. Beste behin ere, agerian geratu da herritarrek nahi duten jai eredua: Bilboko Konpartsek defendatzen duten eredu herrikoi eta parte hartzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo