Txumai Iturria eta Txiki Falero ESAITeko Mendi Martxako Antolakuntzaren izenean.
Mendi martxa eta esker onak
2013ko ESAITen Mendi Martxa amaitu da. Iraun duen zortzi egunetan zehar 140 ibiltarik baino gehiagok hartu dute parte, 100 lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen: ongietorriak, lotarako lekuak, dutxak, afari herrikoiak... ehunka atxikimendu jaso dugu: kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate edo auzapezak, zinegotziak, parlamentariak. Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Sopuerta, Zalla, Okondo, Laudio, Senpere, Urruña, Hendaia, Irun... Zortzi egunetan zehar egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu: kalejirak, kantu-poteoak, bertso-poteoak, pilota emanaldiak, dantzaldiak, aperitifak, luntxak...
Egun hauetan bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarriak gero eta oinarri sendoagoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ditu, eta honek beste urrats batzuen beharra agerian uzten duelakoan gaude. Gai honen inguruan gizartean sumatu dugun batasunak, udaletatik jaso dugun atxikimenduak... beste maila bateko erabaki baten premia adierazten dute. Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan izan behar du hurrengo zitak. Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna defendatzen duten eragile politikoak lan komuna egitera behartuak daude betiko oztopo eta topikoak baztertuz eta erabaki ausartak hartuz.
Bien bitartean, gu geurera, 2014ko ESAITen Mendi Martxa ate joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.
Mila esker denoi.