Mikel Ibarguren Idazlea
Ametsak
Herri bat era askotara osa daiteke, baina borrokatuz egiten da bere buruaren jabe; era askotara maitatu daiteke, baina egunero amestuz gorpuzten da herri baten gogoa
Amets bat dut. Amets bakarra: amets egiten jarraitzea», horrela hasi zuen Martin Luther King-ek historiko bihurtuko zen diskurtsoa. Bihar beteko dira 50 urte diskurtso hartatik eta ametsek amets izaten jarraitzen dute, kimera hutsak askotan; su artifizialak legez une batez argi distiratsuak eskaintzen dizkigute, baina supituan desegiten dira. Alabaina, herri baten gogoa edo komunitate baten askamina agertzen dutelarik, ametsek amets izateari utzi eta utopia kolektibo bat osatzen badakite. Orduan iparrorratz bilakatzen dira ametsok eta gure norabideak markatzeko baliagarriak izaten dira. Ametsa konpartitua delarik indar eragile handia baita, emozioen arrago ezinbestekoa da eta ditugun jomugak gauzagarriagoak bilakatzen dira.
I have a dream hura askatasun aldarri bilakatu zen afroamerikarrentzat bereziki; baina, aldi berean, amets unibertsal bilakaturik, munduko herri zapaldu ororentzat ere erreferentzia izan zen. Argi da berdintasuna, demokrazia eta finean eskubide zibil eta politikoen aldeko aldarri ozen hark gaurkotasun osoa gordetzen duela, nahiz eta diskurtsoak aldatu diren. Gaur eguneko diskurtso politikoek ez dute I have a dream hartatik deus. Erabat monokorde eta tautologikoak dira. Aseptikoak eta bulegoetan ongi prestatuak. Egiatan entzefalograma planoa erakusten dute gaur eguneko politikarien hitzek, ez dute emoziorik transmititzen; ez dute amets eginarazten; hitz hutsalak dira, intxaurrik gabeko intxaur azalak bezalakoak; ez dute inor epatatzen, ez dutelako idealismorik isurtzen. Irudiak gaina hartu dio egiazko diskurtso politikoari eta hitza hil dute, bere edukiaz hustuta arnasa hartzeko tutuz josita utzi dute hitz politikoa, hitz soziala, kulturala.
Baina, haatik, amets egiten jarraitu beharra dago. Amets baten forma duen libertatearekin amets egiteko. Nire ametsak Tomas Mororen irla ideal eta lortezinarekin baino artxipelagoz osatutako utopia ez-perfektuarekin antz handiagoa duen arren. Non politikak beharrezko utopia izaten jarraituko duen eta utopiak egingarri izango den proiektu edo pentsamendua. Nolabait, noizbait zirriborro mentala izateari utziko dion ametsa gauzatu ahal izateko, azken buruan. Utopia, betiere, pentsamendu oniriko baino lorgarri izango den ideal baten modura ulertuta.
Politikak ametsak behar ditu eta ametsak politika behar du gauzatuko bada. Ametsaren eta politikaren arteko labarra handiagotzen ari den honetan ere garrantzitsua baita norbanako gisa amets kolektibo baten partaide sentitzea. Geltokia ikusten ez den arren bidearen desafioa, parioa egitera bultzatzen baikaituzte ametsek.
Badakit ametsekin bakarrik ezin dela urrunera heldu, baina ametsik gabe ez dago ezer lortzerik, amets egitea baita ezer erdiesteko lehen hazia. Horrela, herri bat era askotara osa daiteke, baina borrokatuz egiten da bere buruaren jabe; era askotara maitatu daiteke, baina egunero amestuz gorpuzten da herri baten gogoa. Amets horren geografia zaila eta gogorra izaten da beti, maiz amesgaizto ere bihurtzen da, baina merezi du alderik alde zeharkatzea. Ez baitago beste biderik, bidea bera baino.
Ez ditzagun gure ametsak kartzelatu.