AHTk lehentasuna du; segurtasunak ez, ordea
Atzo, Bergaran, AHT eraikitzeko lanetan ari zela hildako langilea ez da obra horietan hil den lehena. Aurretik beste bost hil dira, eta heriotza horiei instituzioen adierazpenek jarraitu izan diete, beren samina agertu eta ikerketa agintzeko. Oro har lan istripuak gertatzen direnean, segurtasun eta osasunaren gaineko araudia betetzeko garrantziaz oroitzen dira. Baina istripuak behin eta berriro gertatzen dira. AHT eraikitzeko lanetan gutxienez sei lagun hil eta beste zenbait zauritu dira bost urtean. Denbora tarte horretan sindikatuek obra horietako langileen lan baldintzak salatu izan dituzte, batez ere haien segurtasunari eta lan jardunaldiei dagokienez, baina ez dirudi aldian behin hain arduratuta agertzen diren instituzioek langileen segurtasuna eta osasuna bermatzea lehentasuntzat dutenik, ezta lan baldintza duinak ere, abiadura handiko proiektua ez bezala. Halere, proiektuaren segurtasuna ez da hain lehentasunezkoa, antza, Adif-en txosten baten arabera, aurreikusita baitzuen Euskal Herrian kostuak merkatzea, Ourense-Santiago zatian egin zuen bezala. Merkatze haren ondorioa ezagun eta tristea da. Baina Lakuaren lehentasuna da AHT, gizarte murrizketen testuinguruan eta haren bideragarritasuna egunez egun gero eta zalantzazkoagoa den arren; inbertsioaren erdia ere burutu gabe dagoela hasierako aurrekontua %10 emendatu izanak erakusten du hori.