Errespetua
Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia
Errespetua galtzen ari gara. Gizartean ohikoa den bezala, txirrindularitzan ere behin eta berriro ikusten ditugu errespeturik gabeko jokabideak. Nork bere helburua lortu asmoz, askotan berdin zaigu aldamenekoari kalte eginda ere, oso berekoi bilakatu gara eta hori errepidean ere islatzen da.
Gure kirol honetan, badira hainbat alditan aipatu ditugun «arau ez idatzi» batzuk, normalean tropelkideen elkarbizitza errazteko baliagarriak direnak. Adibidez, talde bat tropelaren buruan tiraka ari denean, beste taldekideak aurrera pasatzea ahalbitzen da, edo lagunentzako ur bidoiez lepo beteta doan txirrindulariak «service» oihukatzen du eta gainerakoek pasabidea erraztu ohi diote bere lan astuna arintzeko asmoz.
Baina esandako moduan, errespetua galtzen ari gara, eta gaurkoa erakusgarri: tentsio eguna izan dugu gaurkoa, haizea eta ibilbide sigi-sagatsuak, tropelean etenak eta erorketak eragin ditu eta hori ekiditeko onena aurrean joatea dela badakigu, baina oso zaila da aurrera pasatzea une horietan. Bada gaurkoan, txirrindulari bi «service» garrasika entzun ditugun une batean bide izkinatik gindoazenok pixka bat apartatu eta pasatzeko lekua utzi diegunean konturatu gara ez ur-bidoirik bizkarrean ez taldekiderik buruan ez zituztela, baina lotsagabe «service» hitz magikoa esanez lasai pasatu dira aurrera!
RadioShack-eko lagun bat nuen alboan eta laster egin die garrasi: «Where are your bottles?» -Non dituzue bada bidoiak-. Berdin izan zaie, edozein trikimailu erabiltzen da gaur egun, aldamenekoa zapaldu behar bada ere, norberaren helburua betetzeko!
Geroago, erorketa, bultzakada, posizio borroka eta tentsio asko egon da, eta erorketa horien jatorriak hein handi batean errespetu falta horretan daukala oinarria esango nuke. Jakina da elkarren aurkako lehiaketa dela eta bakoitzak bere interesen alde egin behar duela, baina elkarrekin bizi eta lan egin behar dugu eta errespetu apur bat beharrezkoa dela uste dut.
Errespetua errepidean eta beren lanarekin irabazi dutenak RadioShack taldeko lagunak izan dira. Azken kilometroetan sekulako lana egin ondoren, tropeleko gizonik zaharrenak, Horner amerikarrak, etapa eta lidergoa lortu ditu maisutasun handiz. Ikusgarria ia 42 urterekin, eta urtea lesio baten erruz erdi-geldirik eman ondoren, gaur egin duena. Baina ez da gutxiagorako bere taldekideek egin duten lana ere!
Haizearekin moztu den une oro aurrean eta babesean gorde dute eta azken kilometroetan tropeletik tiraka jarri eta baldintza ezin hobeetan ekin dio azken maldari.
Markelek eta Haimarrek taldean dute jada lehen egunean aipatzen nuen maillot gorria, eta merezita gainera! Biak lagunak ditudala jakingo duzue eta asko poztu naiz beraiengatik, baina seguru nago tropeleko beste asko ere poztu direla, beraien urteetako lan eta profesionaltasunagatik errespetatuak baitira!
Gainera Haimar laugarren dago sailkapen nagusian eta postu on bati eusteko aukera handiekin. Horretan Markelek lagunduko dion zalantzarik ez daukat! Ardoa legez urteak pasa ahala onduz zoazte eta... Zorionak eta gozatu, mutilak!!!