UDATE
Dantza maitatzeko garaia
Testua: Ane ARRUTI
Argazkiak: MAITALDIA
Ez da erraza Biarritzen hamar egunez izango den dantza eskaintzari adjektibo bat jartzea; «aniztasuna», aipatu zuen atzo Thierry Malandainek, koreografo eta jaialdiko zuzendari artistikoak. Donostian egin zuten aurkezpena. Izan ere, 23. edizioa izanagatik eta Gipuzkoako hiriburu eta inguruetan dantza zaletasuna egonagatik, oraindik ere Hego Euskal Herritik Biarritzera hurbiltzea kosta egiten dela deritzo jaialdiaren zuzendaritzak. Horrela adierazi zuen behintzat Eloixa Ospitalek, Biarritz Kultura elkarteko ordezkariak. «Hemen bada dantza publiko bat eta pena bat da gehiago ez animatzea. Azkenean ordu erdi pasatxo baino ez da autoz. Landu beharreko kontuen artean dago hori. Gainera Donostian ikusi ezingo diren obrak izango dira asko».
Malandain Ballet Biarritzen «Errauskine» ikuskizunak zabalduko du aurtengo edizioa. Thierry Malandainen azken sorkuntza hau Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren doinuekin dantzatuko dute. Bi erakunde hauek elkarrekin garatutako bigarren proiektua da hiru ekitalditan banatzen den balleta. Nikolai Volkoven libretoa dauka eta Charles Perrault-en «Cendrillon» ipuin ezaguna hartu dute oinarri. Euskal Herriko hainbat hiriburutan ikusi ahal izan da aurretik eta Biarritzen Gare du Midi aretoan izango da.
Ikuskizunak gaika
Nolabait kokatzeko eta ikusleak edizio honetako eskaintza zabalean ez galtzeko, gaika sailkatu dituzte emanaldiak. «Oh! harritu» deitu diote emanaldi «harrigarrienak» biltzen dituen sailari. Beharbada deigarriena Olivier Dubois konpainiaren «Tragédie» lana izan daiteke. Avignonen aurkeztua, muntaia honek hemezortzi dantzari taularatzen ditu, erabat biluzik guztiak, eta trance musika bortitzarekin astintzen dituzte gorputzak. «Biluzik joatearena ez da probokazioa, gizakia bere existentziaren erdian kokatzen du, jatorria edo beste informaziorik adieraziko duen arroparik gabe. Hausnarketarako deia egiten du mugimenduan jarritako gorputzen bitartez. Gizaki izateak ez baitu gizateria egiten. Hori da, hain zuzen, gizateriaren tragedia», azaldu zuen Ospitalek. Ikuskizun hori irailaren 8an izango da Gare du Midin.
Harrigarrien artean sailkatu dute Fêtes Galantes konpainiaren «Terpsichore» ere -aurreko orrialdeko argazki nagusian-. Egun berean izango da ikusgai, 19.00etan, Casinon. Beatrice Massinen koreografia du eta dantza barroko garaikidea «sekula irudikatu ez duzuen bezala» erakusten du, Terpsichore dantzaren musari eskainitako omenaldi honek. Kolorea eta bizkortasuna izango ditu ezaugarri nagusi. «Ikuspuntu garaikidetik egindako berrikuste bat da. Gainera barrokoak antzekotasun handiak ditu pausoetan gure euskal dantzekin».
«Etxe handiak» izenpean iritsiko dira, bestalde, bi konpainia entzutetsu. Victor Ullateren balleta izango da horietako bat, jaialdiko konpainia «klasikoena». «Coppélia» ikuskizuna eskainiko du zaragozarraren taldeak. Bertsio berrituarekin izango dira Biarritzen, Edouardo Laok 23 dantzarirentzat moldatu baitu bere aurreko lana, Europa erdialdeko folklorearen hainbat ezaugarri txertatuz. Azken egunean izango da ikuskizuna, Gare du Midi aretoan, 21.00etatik aurrera.
Sona handiko Nurenberg-eko balletak, berriz, «Benditos malditos» taularatuko du. Alemaniatik oso gutxitan irteten den konpainia da honakoa, eta beraz, Biarritzeko aukera aprobetxatzeko deia egin zuten atzo antolatzaileek. Goyo Montero koreografo espainiarra dute zuzendari eta Joaquin Sabina, Vinicius de Moraes, Luz Casal edo Tom Waits musikarien doinuak dantzatuko dituzte.
Gazteen erreleboari tokia eginez
Indartsu datozen gazteei tokia eskaini nahi die aurten ere Maitaldiak. Dantzaz konpainia izango da aukera hori baliatu ahalko duenetako bat. «Arte-an» ikuskizunean, Itzik Galiliren koreografia taularatuko dute Casinon, irailaren 12an, 21.00etan. Mercedes Sosaren musikarekin eta Paxkal Indok idatzitako txalapartarako doinuekin osatuko dute emanaldia.
«Ordezkatze dantzatua» deitu duten sail horretan, izango dira baita ere duela lau urtetatik egiten den [Re]Connaissance lehiaketan aukeratuak izan diren hiru taldeak: Dans6T, Noe Soulier eta Epiderme, hip hopetik dantza garaikideraino eskainiko dutenak. Adequate taldeak ere «Noeuds & Frater» eskainiko du Coliseoan irailaren 9an.
Gai sozial edo aktualitatekoak lantzen dituzten hiru konpainia arituko dira «Munduaren begian» deituriko atalean. Travelling & Co taldeak. Hamahiru urtez Le Havreko Zentro Koreografiko Nazionala zuzendu ondoren, «Slogans» lana aurkeztuko du Herve Robbek. Bost dantzarik pantaila batean agertuko diren sloganei aurre eginez dantzatuko dute. Androphyne taldeak «Ou pas» aurkeztuko du, antzerkia, dantza, rocka eta arte garaikidea nahasten dituen shaker erraldoia. Opinion Public belgikarrek, berriz, «Bob´art» satira komikoa eskainiko dute, arte garaikidean nagusitzen diren moden inguruan ironizatu nahi duena, dantza alai eta umoretsu batekin.
Eta ez da hor bukatzen Maitaldiaren eskaintza. «Iturritik edan» sailean, Foofwa d´imobiliteren «Histoires condansées» iritsiko da Suitzatik; Ariadoneren «Un coup de don» dantza «zinez erradikala» egingo dute Carlotta Ikeda eta Ko Murobushik; eta Mizel Theretek «Hiru zitroin lur hotzean» eskainiko du, amodiozko euskal kantuen gainean.
«Sasoi latinoak» atalean, Faizal Zeghoudiren «Le chant de la gazelle & le sacre du printemps» izango da ikusgai, Kolonbiaren independentzia gogoratzen duena, eta Samir Kalixto brasildarraren koreografia dantzatuko dute bi dantzarik Vivaldiren «Lau urtaroak»-ekin. «Mediterraneoa» sailean, Preljocaj balletak «Les nuits» dantzatuko du; Post-Retroguardiak, Paco Decinaren «Non finito»; eta Herve Koubik, kaleko dantzak uztartzen dituen «Ce que le jour doit a la nuit».