GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donibane Lohizuneko agentzia bat okupatu dute espekulazioa salatzeko

p016_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan 43.882 bigarren etxebizitza edo etxe huts daudela salatzeko abiatu kanpainaren baitan, Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideek Donibane Lohizune aukeratu zuten ekintza gune nagusitzat atzo. Eguerdian, herriko Côte Ouest Immobilier higiezinen agentzia okupatuz ekin zioten salaketa ekintzari. «Donibane Lohizunen, 5.566 bigarren etxebizitza edo etxe huts daude; hau da, etxebizitzen erdia», gogorarazi zuen Ahiena Labeguerie kolektiboko kideak. Agentziak Ipar Euskal Herriak pairatzen duen «espekulazioaren aktore nagusiak» direla nabarmenduz, ordu eta erdi igaro zuten agentzian.

Kanpainarekin jarraitu

Côte Ouest Immobilierek agentzia itxi zuen arratsalde osoan, Donibane Lohizungo beste hamar batekin batera. Okupatutako higiezin agentziaren lana bereziki salatu nahi izan zuten okupazioarekin. Goi mailako etxebizitzak salduz, bi milioi eurotan finkatzen dituzten prezioak lekuko herritarrentzat eskuraezinak direla gogorarazi zuten.

Manifestaldia eginik bukatu zuten ekintza eguna. GARAk jakin zuenez, bertan bi gazte atxilotu zituen poliziak, euren burua identifikatzeari uko egiteagatik. Halaber, hiru zauritu egon ziren poliziarekin izandako liskar baten ondoren. Gazteenak zauri arinak zituen eta suhiltzaileen etxean artatu zituzten.

Irailean zehar, kanpainarekin jarraituko du kolektiboak eta higiezinen agentzia batean ezkutuan egindako bideo bat zabalduko dute sarean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo