UDATE | Estibalitz EZKERRA, Literatur kritikaria
Eroa atikoan (I)
Gu Jamaikan gaude. Mila zortziehun eta berrogeita gutxigarren urtea da. Etxalde-jabe baten alaba gaztea gizon gazte ingeles etorri berri batekin ezkondu da, familiaren ondasunak alferrik galdu ez daitezen. Perfektua omen da dena: bikoteak elkar maite duela ematen du, ezkontza aldez aurretik adostua egon arren. Baina neskak sekretu bat dauka, bere haurtzaroaz eta amaz. Poliki-poliki, sekretu hori ezkontideen arteko harreman perfektua higatzen hasiko da, eta amaren egoera beraren aurrean aurkituko da alaba. Gertuko familiak baztertua. Ingeles kolonoen begien aurrean, eroa. Charlotte Brönteren «Jane Eyre» nobelan bada pertsonaia bat arras misteriotsua: etxeko ganbaran kiskalita hiltzen den emakume ustez eroa. Hari buruz dakigun bakarra da kreolea dela; hots, ingeles jatorrikoa zuen familia baina bera Karibeko kolonietako batean jaio eta hazi zen. Rochester jaunarekin ezkondu eta jarraian Europara abiatu zen, Ingalaterrara hain zuzen, senarraren familiaren etxaldean bizitzeko. Nobelak ez du azaltzen zerk piztu zuen emakumearen eroaldia. Etxeko zerbitzariek Janeri kontatzen diotenaren arabera, Karibeko jendeak duen «odol beroari» egozten diote errua. Antza, Ingalaterra hotzegia zen klima berora ohituta zegoen emakumearentzat. Neurri batean, arrazoia dute. Ingalaterra hotzegia zen emakumearentzat; haren jendearengandik ez zuen berotasunik jaso.
Jean Rhysek beti pentsatu zuen Bröntek garaiko europarren aurreiritzi berberekin jokatu zuela emakume «eroaren» pertsonaia sortzeko orduan, eta horren harira idatzi zuen «Sargazo itsaso zabala», Brönteren hanka-sartzea zuzendu eta bere jaioterria omentzeko.