GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Elorrioko jaiak

«Ferixa Nausikoak» Elorrion

Gaur arratsaldean ekingo diote «elorrixotarrek» feria nagusiei, txupina botaz. Aurten, udal egitaraua eta txosnetakoa bateratzen dituen programazioa bizkaieraz sorturiko Androiderako aplikazio batean eskuragarri jarri dute. Bestalde, gaur gauean, Revolutionary Brothers eta Las Tea Party DJ´s arituko dira.

p054_f02.jpg

Amaia GARTZIA |

«Elorrixoko jaixak badatoz! App honekin egitarau dana eskura eukiko dozu ta begirada batian jakingozu egunien egunekua. Herrittik sortuta, herrixandako!». Horixe da «Ferixa Nausiak 2013» Androiderako aplikazioaren aurkezpena. Aurtengo Elorrioko jaietako nobedaderik berritzaileena. Doako app horretan jarri dute eskuragarri gaur hasten diren jaien egitaraua, une oro, mugitu gabe zer dagoen jakiteko. Horrez gain, bertako euskalkian azaltzen da txosnetako ekintzak ere biltzen dituen programazioa. Gaur, arratsaldeko zortzietan, bertako txirrindularitza taldeak piztuko du jaiei hasiera ematen dien txupina. Aurretik, baina, girotxoa sortuko dute haurrentzako jolas parkeak eta 17:30ean egitekoa den I. Artzai Txakur Txapelketak. Horrez gain, Ordiziako buruhandi eta erraldoien bisita jasoko du Elorriok.

23:00etan danborradak zeharkatuko ditu herriko kaleak, eta gauean zezensuzkoak, 00:20ean. Blues Thorpes taldearen kontzertuak emango dio amaiera jaietako lehen egunari.

Bihar festetako azoka eguna izango da, abere eta nekazaritza produktuekin. 10:00etan zabaldu eta goiz osoan egongo da, txistularien doinuak lagun. Arratsaldean zehar, pilota partidak, umeen danborrada eta Jamaika orkestra izango dira jai giroari eutsiko diotenak. Azken honek 22:00etan ere joko du.

Atzoko jaien bezperako Riot Propaganda eta Museeum & Summum Art taldeen kontzertuen aldean, gaur Zakarbila, Aizu! eta Exaixuk joko dute Gaztetxean, 23:00etan. Txosnagunean berriz, Revolutionary Brothers arituko dira, 23:00etatik 02:00etara. Amaitzeko, Las Tea Party DJ´s taldeak doinu dantzagarriak zabalduko ditu goizeko bostak arte.

Kuadrillen eguna

Astelehena lagunartean ibiltzeko eguna izango da Kuadrillen Egunarekin. Kuadrillen arteko bazkaria eta tortilla txapelketa izango dira aurreneko zitak, 14:00etan. Ondoren, Rockalean-ek emanaldia eskainiko du, 16:30ean, eta behin festaren arra gorputzean sartuta, kuadrillen jaitsierak -Txarantukada Masaranduba txarangarekin- eta jolasak izango dira. Azken hauetarako izen ematea bazkarian bertan egin ahal izango da. Amaitzeko, zezensuzkoa eta DJ jaia antolatu dute.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo