GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Kontaketa faxistak

PPk, eta haren atzetik PSOEk, «ETAren eta haren inguruaren» kontaketa gailentzea saihestu beharra dagoela esaten dute behin eta berriro. Herri honen historiaren kontaketa egin edo gutxienez baimendu dutenak ez daude prest beren begi adituek onartzen dutena baino ager ez dadin. Alegia, azken 50 urteetan erakunde terrorista batek ehunka lagun hil dituela. Hor hasi eta bukatzen da herri honetan azken hamarraldietan izan den indarkeria guztia, herri honi izana bera ukatu eta ukatzen dioten horien arabera. Beste edozein irakurketa biktimak eta borreroak parekatzea omen da, eta zigorgabetasuna bilatzea.

Eta indarkeria baten biktimak baino kabitzen ez diren kontaketaren egileek, aurreko kontaketaren egileen oinordekoek batzuetan hanka sartzen dutela ematen badu ere, benetako kontaketaren jabe izateko erakutsi izan duten gaitasun bera dute errotarriekin komekarazteko. Edo hala uste dute.

Azken egunotan halako polemika izan da Nuevas Generaciones PPko gazte erakundeko zenbait gazte sinbolo frankistak eskuetan eta keinu naziak egiten agertu zirela eta. PPko zenbait buruzagik esan zutenez, umekeria izan zen. Bada halako jende tematia, ordea, behin eta berriz gai berera jotzen duena. Hartara, lehengoan kazetari batek galdetu zion PPk Madrilgo Kongresuan duen bozeramailearen alboko Rafael Hernandori gazte horien balentriaz, eta berak, bere muturreko sentsibilitate demokratikoaren erakustaldia egiteko abagunea zela iritzita, alderditik egotziko zituzkeela esan zuen. Lasai, baina, halako amore ematea zirudienari irakasgaiak jarraitu zion eta. Besteek bera bezain demokrata zorrotzak izateko, jokaera bera erakutsi beharko lukete; esate baterako, Errepublikako bandera erakusten dutenak ere beren alderdietatik bota beharko omen lituzkete, ez baita legezkoa eta «espainiar askoren sentimenduak iraintzen» baititu. Eta gainera, bandera horrek zenbait tragediaren konnotazioak ditu; hori bai, tragedia horiek «zorionez, gaindituta daude». Eta zalantzarik ez gelditzeko, hara kontaketaren mukurua: Errepublikaren ondorioek milioi bat hildako eragin zuten, miserable horren arabera. Gehienak Errepublikaren aldekoak, ahaztu zitzaion esatea.

Hori ez da inongo biktima iraintzea, ez zigorgabetasunaren defentsa, tragedia haiek, «zorionez», gaindituta baitaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo