GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altsasuko Ospa Eguna bertan behera uzteko arrazoirik ez dagoela diote

Jai giroan egiten den ekitaldia denez, ez dago Ospa Eguna debekatzeko arrazoirik, Altsasuko Errepresioaren Aurkako Batzordeak atzo erabaki zuenez. Gobernu espainolaren Ordezkaritzak, berriz, komunikatu gabeko jarduera politikoa dela adierazi du.

Martxelo DIAZ |

Festa giroan egingo da Altsasun gaur Ospa Eguna, eta, hori dela eta, Udalak ez du ospakizun hori debekatzeko inolako arrazoirik. Hori erabaki zen atzo Errepresioaren Aurkako Batzordeak egin zuen bileran.

Gobernu espainolaren Ordezkaritza Altsasuko alkate Garazi Urrestarazuri zuzendu zitzaion ostegunean, Ospa Eguna ekitaldi politikoa zela-eta debekatu beharra zuela aginduz.

Bileraren ondoren Urrestarazuk GARAri azaldu zioenez, Ospa Eguna festa giroa oinarri duen ekitaldia da. Horren adierazle da Altsasuko jaien egitarauan agertzea, txupinazoa baino lehen egiten diren jardueren artean.

Honekin batera, Ospa Egunaren gainekoak udalbatzarrean onartu zirela gogorarazi zuen Urrestarazuk. «Orduan inork ez zuen inolako oztoporik jarri, ezta PPko zinegotziak ere. Eta ondoren, ez genuen inolako jakinarazpenik jaso Gobernu Ordezkaritzatik», azaldu zuen.

Altsasuko alkatearen ustez, Gobernu Ordezkaritzak akatsa egin du jai ekitaldia dena manifestazio politiko batekin nahastuz. Horrez gain, Ospa Eguna debekatzearen ardura Udalaren eskuetan utzi dutelako haserre zen Urrestarazu. «Gu ez gara inor Altsasun antolatzen den jai giroko ekitaldi bat debekatzeko. Ordezkaritzak legearen kontra doala ikusten badu, berorrek debekatu beharko luke, ez guk, eta ez zuen egin udalbatzarrean onartu genuenean», esan zuen.

Iritzi hori Ordezkaritzari jakinarazi zioten atzo eta Ospa Eguna debekatzeko arrazoirik ez dagoela berretsi zuten. Gauzak horrela, indar okupatzaileak alde egiteko eskatuko dute Altsasun. Horretarako, kalejira, herri bazkaria eta beste hainbat ekitaldi izango dituzte egun osoan zehar.

kontrola

Polizia desberdinek Altsasun ezartzen duten kontrola salatzeko ekimen ugari egin dituzte herrian. Duela bi urte Juan Carlos errege espainolari trufa egitea leporatu zieten, auzia hutsean gelditu bazen ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo