GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Iñakiren bideak

 

Bidean galdu genuen Iñaki lanean ari zela. Halere, gurekin daramagu. Oroimenean, bihotzean eta ariman gurekin daramagu. Txirrindulariok errepidean ematen ditugu ordu eta kilometro asko eta, ondorioz, guretzat Iñakik bidean jarraitzen du. Bere azken pedalkadak Iurretako bide hartan eman bazituen ere, bere bideek hor diraute eta gaur eta bihar lagun artean hura gogoan hartuz alaituko dira.

Iñaki oso maitea genuen denok. Mutil apal eta jatorra, bihotz onekoa, zintzoa, langilea, kirolari aparta eta lagunen laguna. Zarata askorik egin gabe, beharrizana zegoenean hutsik egin gabe aldamenean egoten zekiena.

Haren alaba Mairi txikiak oraindik pedalei eragin ezin badie ere, ez daukat zalantzarik ama Naiararekin laster ekingo diola aitaren bideak egiteari.

Egunotan, esan bezala, bere omenez «Iñakiren bideak» izeneko proiektua antolatu da eta hau da antolatzaileek zabaldu dutena:

«Iñakiren bideak: Proiektu hau gure mendietatik igarotzean aztarna bat uzteko asmoz jaiotzen da. 2013ko abuztuaren 31n eta irailaren 1ean denok eragingo diegu pedalei Iñakirekin, gure geografiako puntu desberdinak bateratuz. Herri eta probintzia desberdinetatik igaro eta Euskal Herriari bira emango dion ibilbidea osatuko dugu mendiko bizikletaz. Etapaz eta erreleboz egingo dugu. Iñakiren bideak hasiera eta bukaera Berrizen izango du, bere jaioterrian. Hau izango da aukeratutako agertokia: Urkiola, Izki, Urbasa, Bidasoa, Gipuzkoako kosta, Oiz eta Berriz... Protagonistak: familiartekoak, lagunak, eta mendiko bizikletazaleak.

Pedalari eragite bakoitza aurrerapauso bat da.

Ilusioz beteriko ibilbide bat. Betiko aztarna bat.

Eskerrik asko Iñaki!». Edozein zalantza argitzeko edo ibilbidearen berri izateko helbide hauxe jarri dute: inakirenbideak.blogspot.com.

Bide horietan egon ezinaren pena daukat, senideekin eta lagunekin batera aztarnarik utzi ezinaren pena. Baina Espainia hegoaldeko errepideetan pedalei eragiten diedan bitartean bihotza zuekin izango dut eta Vuelta bukatu bezain laster mendi bizikletaz ibilbide horiek egiteko irrikitan nago!

Gozatu Iñakiren bideez, mendiaz, bizikletaz eta lagunez. Gurekin daramagun Iñakik ere ziur asko gozatuko du eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo