udate | ipar ekhian
Olatuei so
Jon GARMENDIA | Idazlea
Hondartza postal zahar bat bezalakoa da. Izoztutako irudi bat. Denborak aurrera egiten badu ere, beti, modu berean agertzen dena, hutsik neguan eta beteta udan; jenderik ez badu, bera ez da bakarrik sentituko, harea beti izanen baitu bidelagun, eta olatu bakoitzak fereka eginen dio kostaratu bezain laster, eta goxotasunez errandako «kaixo» balitz bezala hartuko du lurrak, itsasoari ongi etorria emanaz. Ez dakizu zuri halakorik egiten dizun, baina udan, ilunabarra azken ekiaren argiz margotzen den tenorean, hondarretan etzan eta zein gutirekin pozik sentitzen zaren probatzen duzu aldi oro. Eguneko nahaspilak, nekadurak eta haserreak, denak eramaten ditu itsasoak berekin, eta zure konpainia maite duen zalantza ukaiten baduzu ere, zuri beharrezko zaizu bere presentzia. Indarberritu egiten zaitu uraren bazterrean kresala usaintzeak. Neguan ere halatsu egiten duzu, baina orduan ez duzu metro karratua partekatu beharrik, paradisu guztia zuretzako baita. Apika, txakurrarekin itzuli bat egiten duen pertsona bakartiren bat gurutzatu ohi duzu, eta eskutik helduta paseatzen duen bikoteren bat igual, baina bilatzen duzuna aurkitzen duzu han, sosegua. Ez du aspaldi hondartzako jira bikotearekin egiten zenuela zuk ere, eta denbora igarotzen zenuten harearen gainean. Orduan, orduak labur ziren. Elkarren ondoan eseri, eta irriz egoten zineten, luzaz, edo elkarren gibeletik korrika ibiltzen zineten, jolasean, baina elkarrekin beti atzematen zenuten plazera. Betirako agur erran zizun arte. Eta galdetu beharrik gabe dena ulertu zenuen zuk, horregatik erran zenion itxarongo zeniola. Ez zenion besterik erran, erratekoak, itzuliko zen momenturako gorde nahi zenituela baizik. Eta geroztik, itsasoak bidalitako olatu bakoitzari behatzen diozu, ez bera ekarriko dizulako, baizik eta bera itzultzeko, olatu bat gutiago gelditzen delako.