GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea

Elgoibarrek ere harri bereziak aurkezten ditu

p036_f02.jpg

J.L.

Elgoibarko San Bartolome harri-jasotze txapelketa jokatuko da gaur arratsaldean, 18.00etan, Kalegoen plazan. Bertan, parte hartuko duten guztiek bi harri berezi erabili beharko dituzte.

Mintxeta eta Belaustegi harriak izango dira erabili beharko dituztenak, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bosna minutu izango dituzte harri-jasotzaileek.

Parte hartuko duten kirolariak, berriz, honako hauek izango dira: Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Ugartemendia, Ostolatza eta Urpe.

Faboritoez jardutean Izeta II.a aipatu beharra dago. Aiarra oraindik sasoi betean dago, eta harri berezi hauekin oso ongi moldatzen den kirolaria da. Berari aurre egiten saiatuko dena eta normalean berarekin borrokan ibili behar duena Joseba Ostolatza da. Zestoarrak ere lan handiak egiten ditu, eta harri hauekin ere ongi moldatzen den harri-jasotzailea da. Hala ere, ez du batere erraza izango Izeta II.a menderatzea.

Hortik atzerako postuetarako ere lehia polita izango da, denak ere maila handikoak baitira. Berriro ere izetatarrak nagusi izango dira, familia bereko hiru arituko baitira lanean. Halere, Donostian egin zutena ez dute berdinduko, han lau izan baitziren, eta egun goi mailako kirolean familia bereko horrenbeste aritzea ez da batere erraza, eta lehen ere seguru asko ez zen izango.

Herriz herri

Nafarroako Herriz Herri Txapelketako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur 18.30ean Berriozarren. Bertan arituko dira Berriozar, Menditarrak, Arraiotz eta Bera. Bi konbinatu ezberdin egingo dira. Batean, lokotx-biltzea, zaku-lasterketa, aizkora, korrika eta trontza egin beharko dute. Hemen proba guztiak bata bestearen atzetik jarraian izaten dira. Lokotx-biltzen hasi eta trontzan amaitzen da, dena jarraian, eta oso proba ikusgarria eta polita izaten da.

Bigarrengoan, txinga eroatea, orga-jokoa eta harri-jasotzea izaten dira, nahiz eta azken kirol hau ez den puntuagarria. Hemen, berriz, kirol batekin hasten dira eta hori amaitzen da; denak banaka egiten dira eta ez jarraian, aurreneko konbinatuan egiten den bezala.

Lehen konbinatuan lehia handia ikusten da Beraren eta Manditarrak taldeen artean. Bigarrengoan, berriz, Bera ari da nagusitzen, eta badirudi beraientzat izango dela maila honetako aurtengo garaipena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo