ARGIA | Mikel Asurmendi, 2013/8/30
Anai-arrebekiko elkartasunak bizirik behar
Senpereko Amotze auzoko Larraldea etxaldea mugatik eta mugara doan bide ertzean duzu.
Mugalari eta iheslarien bidea iragan berrian. Kari horretara oroitarazi ditugu bertan iragan mendeaz geroztiko historia, istorio eta pasadizoak.
Halabeharrak zoria ekarri behar luke mende honen hastapenean. Anartean, asko eta asko dira ihesari emanak dabiltzanak, asko ere espetxean.
Bien bitartean, Anai-Arteak irekita segitzen du, Donibane Lohizuneko Marion karrikako 16an egonki.
Bertze garaiak ziren haiek, bertzelakoak dira gaur egungoak. Anai-Artea ireki zen eta anaitasuna zabaldu orduan. Gaur egun berriz -hizkuntzaren bilakabideari jarraikiz-, Anai-arreben Artekoak iheslari eta presoekiko Elkartasuna bizirik behar du.
Anai-Artea aipatzeak Telesforo Monzon dakargu gogora, eta bere hitzok (...).
Xalbador zena gogoratu zait nihauri, eta haren bertso bat ahapaldi bihurtu:
Anai-arrebak entzun ene barne hotsa:/ elkartasuna ez daike gezur-zurrez osa;/ iheslariei etxea, gorputzari bihotza,/ mutuari elea, presoei ahotsa;/ gatibu izatea herriaren lotsa.