BERRIA | Jon Ordoñez, 2013/8/27
Zazpi hilotz trenbidean
Opor garaian ere badira lan istripuak. Atzo, Gipuzkoan, Bergara eta Antzuola artean, langile bat hil zen AHTa egiteko lanetan ari zela. Hizpide dira egun hauetan beroa, itsasoaren uraren kalitatea eta errepideetako auto ilarak, baina abuztuak azken astean beste langile baten heriotza ekarri du. Zazpigarrena da jada AHTko obretan. Irudituko zaio baten bati normala dela langileak lanean hiltzea. Gaineratuko du normala dela eraikuntzan dagoen lan istripuen tasa aintzat hartuta AHTaren moduko obra erraldoi batean dozena erditik gora langile hiltzea ere. Baina ez da horrela. Langileari segurtasun baldintzak bermatu egin behar zaizkio, eta AHTaren moduko obra batean, erakundeetatik horri eman nahi zaion garrantzia eta premia aintzat hartuta, are eta gehiago. Enpresari dagokio, eta lana kontratatzen duen erakundeari ere badagokio.
Euskal Herrian AHTa egiteko lanetan hil diren zazpi langileetatik lau Eskoriatza, Arrasate, Bergara eta Antzuola artean hil dira. Beste bi langile Gasteiztik Gipuzkoarako lanetan hil ziren. Beste bat Tolosan hil zen. Hain zuzen, ELA iaz Tolosa-Hernialde zatiko lanak bisitatzen saiatu zen (ez zioten utzi), eta salatu zuen «eskandaluzko» lan jardunaldiak ari zirela egiten langileak AHTa egiteko lanetan. Ondoren jakinarazi zuen hamabi orduko lanaldiak «ohikoak» zirela, eta egun batean hamazazpi orduz lan egindakoak ere bazirela gaineratu zuen; «esplotazioa», azken finean.
Jakina da krisiak langileari kaltea dakarkiola: aurrekontuak estutzeko beharra handia delako eta hitzartutako baldintzen azpitik lan egiteko prest daudenak gehiago direlako. Baina AHTak aurrera egingo du.