Ama bat zen harentzat
Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
Zenbat aldiz entzun izan dut, guraso izan arte ezin duzula ideia bat egin zer sentitzen den zeure seme edo alaba jaiotzen denean. Askotan, guraso berriek horren sentsazio berezi hori sentitzen zutela kontatzen zidatenean, exajerazio puntu bat zutela pentsatzen nuen... baina orain dela ia zazpi urte, Xabat jaio zenean, aita izateak zekarren sentimendu eta sentsazioek aurrez entzundako guztia txiki uzten zutela onartu behar dut.
Sentsazio eta sentimendu horiek aita izanda baditut, ezin dut ideia bat egin, ama batek, bere txikia sabelean eraman, bere barruan hazi, bizitza eman, erditu, titia ematea eta bestelako sentipenak izanda gero, bere seme ala alabarekiko sentitu ahal duena. Ama batek beti babesten du bere haurra. Goseak dagoenean jaten ematen dio, egarri denean edateko ura. Hotzak dagoenean beroa ematen dio, eta bero duenean, freskatzen saiatzen da. Haur txiki batek, beldurrez denean, negarrez ama eskatzen du, eta erori eta minez bada, amaren besarkada batek bakarrik arintzen du min hori.
Ba txirrindulariok, gure bizia eman diguten amak izateaz aparte, normalean gauden tokitik kilometro askotan daudelarik, beste «ama» batzuk ditugu. Ez dira egunkari ala aldizkari nahiz telebistan sarri agertzen, baina gu zaintzen gaituzten super ama horiek gure masajistak dira.
Konfesore, masajista, zaintzaile.... zaila egiten zait guregatik egiten duten guztia hitzekin adieraztea. Metara iritsi eta letxe txarrean gaudenean, «zaparrada» inongo errurik gabe entzun, eta edateko ematen digute. Zikinak gaudenean garbitu, hotzak gaudenean arropa ematen digute, gosea dugunean jatekoa, arropa garbitzeaz ere arduratzen dira, eta hori gutxi balitz, erortzen garenean zauriak osatzeaz ere arduratzen dira. Gauzak gaizki badoaz, ixil-ixilik sufritzen dute, eta ondo badoaz, aldiz, meritua txirrindulariei ematen diete.
Arrazoi hauek guztiak kontuan hartuta, gugatik horrenbeste egiten duten «ama» horiek horrenbeste estimatzen ditudalako, Euskaltel Euskadin izan nuen «amatxo» bat Sevillan galdu genuela orain betetzen direnean hiru urte, berriz ere hiri honetara iristeak sentimendu eta oroitzapen asko ekartzen dizkit gogora. Txema Gonzalez, Txemoto, orain hiru urte joan zen gure artetik, baina gutariko askogatik egin zuena, ez da berehala joango.
Gogoan dut, Paris-Niza batean, izugarrizko eroriko izan, guztiz odoletan autobusera igo, eta nirekin batera zauriak osatzen dutxara eta guzti sartu zenekoa. Sekula ez dut ahaztuko txirrindulariak mimatzeagatik egiten zuen esfortzua. Badaude gauza eta pertsona batzuk sekula santan ez ditudanak ahaztuko. Atzo Ametsek «Leja»-ri buruz idatzi zuen, eta Iñakiren oroitzapena beti nirekin izango dudan moduan, Txemoto ere beti izango da nirekin. Azken batean, txirrindulari bezala izan ditudan «ama» horietako bat zen Txema, horretxegatik, dagoen tokian dagoela, jakin dezala pelotoi honetan umezurtz utzitako seme askok ez dugula ahaztu eta beti bezain beste maite dugula!!