udate | ipar ekhian
Azkena
Jon GARMENDIA | Idazlea
Abentura bat izan da hau, ederra, baina era berean neketsua, eta aspergarri izan ez naizen esperantzan, banoa. Bi hilabetez egunero ibili naiz zuen begiak nekarazten, aldioro zerbait proposatu nahirik, pentsarazteko gaiaren bila, eta batzuetan asmatu badut, kontent nintzateke; eta hau ez dut aipatzen umiltasuna agertu nahirik, politikoki zuzena izatearren, edo tramiteak hala eskatzen duelako, baizik eta umiltasunez erraten dut, badakidalako ene eskuetan ez dela nehorentzat soluziorik, ez naizela munduko idazlerik trebeena, eta ni gabe ere, zuen bizitzak aitzina segituko duela. Sentiberatasun pittin bat, umorea, eta amesten segitzeko gogoa, horiek dira mundu ilun honi argi pittin bat ezartzeko proposatzen ditudan errezetak. Orain guti ikusi dudan pintada batek halatsu erraten baitu: mundu hau iluna da, argitu ezazu zure partea. Ni, horretan ahaleginduko naiz, dudana ematea baita aukeran egin dezakedan bakarra. Hau da agurraren idatzia, hau da azkena, Udate gehigarriarekin batera, banoa; agian, hurrengo uda arte, eta hala bada, gero arte; eta bestela berriz, agur. Eta bizi. Segi eguneroko borrokarekin, maite denaren alde borrokatu beharra baitago beti, amodioa ere borroka bat delako. Jaso ditut hitz goxoak ene zutabe horientzat, maitatua sentitu naiz, eta idatziren bat kantu bilakatu da gainera; honela, memoriak oroitzapen onarekin gelditzeko gaitasuna duelarik, horrekin gelditzen naiz ni, betirako. Zorrak kitatzen dituenak, deskantsatu egiten omen du, eta hura kobratzen duenak oraindik gehiago. Nik ere, ene zutabeak amaitutzat emanda, deskantsatu eginen dut. Eta zuek, oraindik gehiago. Agian.