GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Berri onak Bilboko gailurrean

Aurreikuspenak bete eta 22.000 zale inguru erakarri zituen herenegun Kobetamendira En Vivo jaialditzarrak. Potatok piztu eta Lendakaris Muertosek bizkortutako festak Berri Txarrak taldearekin egin zuen eztanda; aspaldi bereganatuak dituzte aurrean zituzten zaleak.

p060_f01.jpg

Anartz BILBAO

Laugarren En Vivo behar zuena lehena da Bilbon, eta bakarra, Madril eta Bartzelonakoa bertan behera utzi baitituzte, sarrera salmenta eskasak direla-eta. Beraz, Kobetamendik bereganatzen du rock zaleon arreta guztia; eta tontorrak badaki jaialditzarrak zer diren, ez dute alferrik pairatu Kobetasonik eta batez ere Bilbao BBK Live bere belardiek.

Egia da batek baino gehiagok mesfidati begiratzen diola jaialdi berriari -bete-betean festa ereduen borrokan kokatzen dute-, baina herenegun gazte (batez ere) andana zebilen jaialdi eremuan -Bilbao Livek erabiltzen duen bera da, baina soil eta jasoago, bilduago dago dena-. Batzuk Estatuko bazterretatik etorriak dira (errepublikar ikur eta guzti), gehienak euskal herritarrak, tisertetan dakusagunez (kirol taldeenak -ez bakarrik Athletic-enak-, Korrikakoak, independentzia aldarri dutenak, musika taldeenak -Kortatu, Lendakaris Muertos...-; Napartheid-en sudadera zahar bat ere ikusi dugu, pentsa!).

En Vivo bizi-bizi Lendakaris Muertos taldearekin jarri da. Gorenean ikurrina daraman oholtza nagusian jo dute, «Gora España»-rekin hasita. Kantariak espainiarren tiserta rojigualdoa darama soinean baina... txantxa dela ematen du, kanta bukaeran erantzi egin du-eta. Azpian daramana ordea zuri-zuria da, zer eta Real Madrileko zazpi zenbakiduna! Eta oholtza azpian zer? Oraindik jendea bertaratzen ari zela, zoramena lehen ilaretan -hartz pandaz margotutako aurpegi asko tartean-, «Veterano de la Kale Borroka» bukaera aldera eman duten arte. Aitor abeslariak zale guztien gainetik eta argi guztien azpitik hegan egin du, eta batzuek bengalatxoak ere piztu dituzte, eta segurtasun arduradunak artega jarri.

Nafarrak oholtzan agertzerako jaialdiak bi talderen jarduna jaso zuen. Potatok nahiko zeregin izan zuen motorra piztu eta eguzkitan En Vivo abiatzearekin, eta bigarren oholtzan, karpapean, Kaotikok oso ondo bete zuen iluntzea girotu eta rock zaleari martxa emateko ardura.

Gauerdiko eztanda

Gitarra soinuetarako ordutegi aproposagoa izan zuten Los Zigarros eta Within Temptation-ek; gurekin behintzat baliatu ez zutena. Lendakaris Muertosen ostean jo zuten lehenak valentziar laukotea dira, eta rock erromeria txukuna egiten dute, aspaldiko Tequila-ren moldera. Eddie Cochran-en «Somethin' Else» ederra eman bazuten ere -beraien esanetan espresuki prestatua, eta eskertzen da-; askok eta askok bezala mokadua egiteko profitatu genuen tartea...

Oholtza nagusira bueltan, Within Temptation Herbehereetako seikotea, ezin deskribatuko soinekoa zeraman Sharon den Adel kantariak gidatzen duena. Bilboko BBK Liven egonak dira 2007an, eta guk baino gehiago maite dituenik bada antza, hiru milioi disko inguru saldu ei dituzte-eta. Herenegun, soinu kaskarra zutela begitandu zitzaigun, eta aspertu egin ginen «Shot in the Dark» kantuarekin hasi eta «Mother Earth»-ekin itxi zuten zuzenekoan. Zein metal klase da hau, sinfonikoa? Guri metalak dentsoak eta solidoak direla irakatsi ziguten, eta honako musika hanpatua ilaun samarra begitandu zaigu.

BTX baino lehen, eta berriro ere karpapean, aspaldiko lagunen bisita izan dugu, Banda Bassotti. Egia esateko ez zaigu asko gustatu soinua, eta kanta bizienetan asko desafinatu dute, baina Euskal Herriarekin beti bezain adeitsu -Iñigo Cabacas gogoan eta presente izan dute oholtzan-, azken txanpa ikaragarria egin dute, La Pollaren «Ellos dicen mierda»! eta «Bella ciao» tarteko.

Euskal Herriko talde ugari (arabarrak eta nafarrak) eta euskaldun bakarra En Vivo jaialdian, afixa buru diren BTX. Ez da harritzekoa, bai harri eta zur gelditzekoa, Lekunberriko hirukotearen soinu eztanda entzunda.

Ertzetan bi oihal jarrita oholtza txikitu eta argi indartsu batzuen babesarekin, grinatsu dator hirukotea, «Ikasten» eta soinu onarekin. Erdian mozolo begihandi batek astintzen ditu danborrak -Galderren tisertan-, Davidek sekulako kalipua du eta ile luze-luzearen azpian Gorkak ahots kantaria darama, `itzalitako' gitarra beltza eskuetan (Gibson ES-355) -eta tximista formako Explorerra «Libre»rekin hasita bukatzeko-. Hogei mila zale dituzte aurrean; askok buruz dakizki amarrurik gabe errenkadan eman dituzten kanta guztiak. «Folklore», Bilbo inguruko euskaldun berrientzako; «Stereo», «UPN lapurrak!» ozen batek ixten duena; abiadura motelagoan «Oreka» -norbaitek egin beharko luke kanta honen dantzalekurako remix bat-, edo «People Rockin in the free world»?, minutu batez hirukotea izoztera heldu zen Yuksek taldearen «On a train»-ekin uztartua; hasieran sekulako riff-a duen «Jainko ateoa» edo «Maravillas», faxismoak milaka aurpegi dituela gogorarazi eta «Urkixo, ez gaude Erdi Aroan» garrasi eginda.

Eta bisetan, «Biziraun» eta... «Oihu»! Berri onak gurean, Berri Txarrak (kasik) Bilbo bezain handiak. The Offspring-ek izerdi patsa bota beharko du, oxigenoa erabilita ere, BTX-ek zapaldu duen tontorra igotzekotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo