Altsasu guardia zibilez josita, Ospa Egunean
Guardia Zibilak sekulako operatiboa zabaldu zuen atzo Altsasun, Gobernu espainolaren ordezkaritzak Ospa Eguneko ekitaldiei jarritako debekua betearazteko. Polizia armadunen «okupazio basatiaren» erdian, dantzatzeari ekin zioten altsasuarrek, «ez zaituztegu nahi» aldarria argi utziz.
GARA | ALTSASU
Ostiralean hasi zen Altsasun Guardia Zibilaren presentzia nabarmentzen, eta atzo herriko sarbide guztietan jarraitzen zuten kontrolek. Herri barruan, goizaldeko hirurak aldera hasi zen plazaren okupazioa, eta hurrengo orduetan Guardia Zibilaren atal ezberdinak, elitekoak edota helikopteroa barne, herritarren mugimendu guztiak kontrolatzen aritu ziren.
«Basatia izan da, erabat desproportzionatua», «sarrera eta irteera guztiak kontrolpean daude», «izugarrizko despliegea egin dute indar desberdinek», «kristoren okupazio poliziala da jasaten ari garena, metrailetaz inguratuta daude herritarrak, mehatxu dezente izan da batez ere gazteei zuzenduta, eta jarrera oldarkorra izan dute herritarrekin». Horrelako testigantzak jaso zituen GARAk atzo udal ordezkarien eskutik, altsasuarrek herrian bizitakoaz azalduz, Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkaritzak Ospa Eguneko zenbait ekitaldiri jarritako debekuaren ondorioz.
Gobernuaren ordezkaritzak baimendutako ekitaldi bakarrean, bertso bazkari herrikoian, 200 lagunek hartu zuten parte, «baina guardia zibilez inguratuta, horrek dakarren guztiarekin», argitu zuen Ruben Imaz Errepresioaren Aurkako Udal Batzordearen buruak. Esan zuenez, identifikazioak eta hika-mikak izan ziren egunean zehar tentsio egoera argietan, eta adibide gisa aipatu zuten guraso batzuek azaldutako haserrea, guardia zibilak umeak grabatzen ari zirela konturatzean.
Herritarren jarrera txalogarria
Udal ordezkariekin batera Asun Fernandez de Garaialde parlamentaria saiatu zen polizia operazioko buruekin hitz egiten. «Saiatu gara lasaitzen, informazioa kontrastatzen eta negoziatzen», azaldu zuen. Gobernu espainolaren ordezkaritzara ere deitu zuten, «okupazio basatia» salatu eta horren aurrean Udalak egin beharreko guztia egingo duela ohartarazteko.
Indar militarraren erakustaldiaren aurrean, herritarrek erakutsitako jarrera goraipatu zuten zinegotziek. «Benetan txalotzekoa izan da», nabarmendu zuten udal agintariek. «Ez dira probokazioan sartu, eta bertsolaritzaren herrian gauden honetan inprobisazioari ere ekin diote herritarrek, eta Altsasuko zortzikoa, polkak, euskal dantzak eta jokoak egin dituzte guardia zibilen harridurarako, `hemen gaude eta zaituztegu nahi' esateko», azaldu zuten.
Arratsalde partean argazki herrikoian jende mordoak parte hartu zuen, eta ondoren, herriak poliziak hartuta jarraitzen bazuen ere, ehunka herritarrek jai giroan jarraitu zuten, dantzan, eta beren aldarrikapena herriko bazter guztietara zabalduz.