GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Besteek baino martxa bat gehiago

Lehen zati orekatu eta oso gogor baten ostean, Aimar Olaizolak eta Jon Ander Albisuk nagusitasun osoz irabazi zuten Donostia Hiria txapelketako finala. Ataungoa ere bikain aritu bazen ere, Goizuetakoak eraman zuen pilotari onenaren saria.

p042_f01_345x435.jpg

OLAIZOLA-ALBISU 22

BENGOETXEA-ZUBIETA 13

 

Jon ORMAZABAL

Gaur egun behintzat, osa daitekeen bikoterik orekatu eta indartsuena dela erakutsi dute Aimar Olaizolak eta Jon Ander Albisuk ostiral gauean amaitu zen Donostia Hiria Txapelketan. Irujo-Zabaleta eta Bengoetxea VI.a-Zubieta bikoek ere izen handia izan dezaketen arren, Atano III.ean behintzat, ez dira Asegarceko bikoari itzalik egitera ere iritsi.

Izan ere, Atauneko atzelaria aste honetan erakutsi duen erregulartasuna eta ziurtasuna emateko gai denean, bikote ia perfektua osatzen dute, kolpea eta errematea dituena, defentsa eta jarraikortasuna, indarra eta zuhurtasuna eta alferrikakoa dirudi halako motorra eta pilota dituen autoari atzetik jarraitzen saiatzea.

Asteartean Irujo eta Zabaleta txikitu ostean, saiatu ziren bai Oinatz Bengoetxea eta Aitor Zubieta arerioen joari jarraitzen, baita zenbait momentutan lortu ere. Partida hasiera bikaina eta gogorra eskaini zuten laurek, Albisu eta Zubieta nor baino nor aritu ziren bitartean, atzelariek ere sekulako ikuskizuna eman dezaketela erakutsi zuten, biek ere pilota ondo luzatuz eta bi aurrelarientzat oso aukera urriak utziz.

Zubietaren txakalaldia

Lehiaren lehen zati honetan, apenas izan zen alderik bi bikoteen artean eta markagailuak zazpinako berdinketa erakusten zuenean jotako 333 pilotakadek agerian utzi zuten partidaren hasiera horrek izandako gogortasuna.

Partidako azken berdinketa hori, ordea, nolabaiteko inflexio puntu bat izan zen finalean, gorriek urdinek jarraitu ezin izan zuten martxa bat gehiago jarri baitzioten lehiari.

Azken egunetan gripe apur bat pasatu ostean, Aitor Zubietak ordura arte egindako ahalegina ordaindu egin zuen, Jon Ander Albisuk, bi eskuekin, pilota oso luze jotzen jarraitu zuen bitartean. Hortxe amaitu zen ordura arteko oreka guztia.

Partida hasieran ez bezala, Aitor Zubieta aukerako pilotak uzten hasi zen eta, ordura arte, txispa apur baten faltan zegoela eman zezakeen arren, Aimar Olaizolak ohikoa duen erremate erakustaldia eman ahal izan zuen. Oinatz Bengoetxea saiatu zen bere atzelariari lan zikinena kentzen, baina Albisuk irekitako zuloa handiegia izan zen eta Aimar Olaizolak ez zuen bere udako hirugarren torneoa irabazteko aukera alferrik galdu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo