GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kanoikadaka, buru-gogoak iraganera egin zuen salto

eLhen kanoikadaren burrunba buru eta sabeletan atzeman zen gogor. 1813an Donostiaren suntsiketa eta erreketa oroitzeko desfilera bertaratutakoek baina, burrunbaren oihartzuna baino gehiago eraman zuten etxera bueltan, hiriaren historiara egindako saltoa.

p010_f01.jpg

Maider EIZMENDI

Amari leku horretan zergatik ari ote ziren loreak jartzen galdegin zion. «Hor oroigarrizko plaka bat dago, orain 200 urte hiria suntsitu eta erre zutenekoa gogora ekartzeko, loreak jartzen dituzte, hil zirenak omentzeko», erantzun zion amak, haurrak adi entzuten zion bitartean. Atzo Donostian egin ziren ekitaldiek heldu eta txikiak iraganera bidaian eraman zituzten nahigabean.

Atzo arratsaldekoa ez zen urteurren borobila ospatzeko lehen ekimena, baina Zuloaga plazan eta alboko kaleetan bildutako jende mordoa ikusita hala zirudien. Seietarako zegoen iragarrita oroimen desfilea eta ordubete lehenago kalean gora eta behera ikus zitezkeen parte hartu behar zuten danbor jotzaile eta soldaduak. Haiei jarraituz edo, jendea pilatzen joan zen gutxika, tartean ikusmiran zebiltzan eta atentzioak deituta gerturatu ziren makina bat turista.

Txalaparta hotsekin abiatuta, bertaratutakoak ustekabean hartu zituen lehen kanoikadak barrenak astindu zizkien gehienei; gehiago etorriko ziren, askoz ere gehiago. Donostiako Martxaren lehen doinuekin eta txalo artean abiatu zuten ibilbidean hamabi zaldik bidea zabaltzen zietela. Argazki kamerak, mugikorrak... hiriburuko kaleetan gertatzen ari zena jaso nahi zuen jendeak oroimenetik harago.

Santa Maria elizaren atarian egin zuten lehen geldialdia eta bertan osatu zuten lehen desarra burrunbatsua, Bulebarreraino eramango zituen ibilbidea osatu aurretik. Bertara eta ia jende artean lekurik topatu ezinda iritsi ziren desfilean parte hartzen ari zirenak.

Hiriaren suntsiketan bortxatu zituztenak, hil zituztenak, txirotu zituztenak, edota deserriratu zituztenak ekarri nahi izan zituzten gogora Abuztuaren 31ko Oroimen Desfilearen Batzordean parte hartzen duten elkarteek, baita sarraskiaren ondoren hiria berreraikitzeko lanetan agortu ziren herritarrak ere. Donostiako biztanle guztiei oroimen plaka bat oparituta goraipatu nahi izan zuten iraganeko herritar haiek izan zuten grina, eta ordezkari gisa Juan Karlos Izagirre alkateari jarri zioten esku artean. Eskerrak ematearekin batera, gaur egun ezagutzen den hiria eraikitzen lagundu zutenak aipatu zituen, aurrerantzean ere «desberdinen artean Donostia eraikitzen jarraitzeko gaitasuna izatea» espero duela nabarmentzearekin batera.

Halako sarraskia sufritu zuten emakume, haur eta gizon haienganako maitasun zeinutzat loreak jarri zituzten ondoren Lurreko Atean udal ordezkariek banaka-banaka, jendearen joan-etorrian ia oharkabean pasatzen diren oroimen plakak bistaratu eta nabarmenduz.

Sarraskiaren irudikapena

Arrapaladan abiatu zen jendea Bretxaren ertzera. Han jarria zegoen murru handiaren parean garaiko gertaeren bortxa kanoikada eta desarrekin irudikatu nahi izan zuten. Haiekin suntsitu zuten soldadu ingeles eta portugaldarrek hiriaren babesa, eta inguratutakoek txistu egiten zieten bitartean, hartu zuten indartsu hormaren beste aldea, hiria.

Arratsalderako jada balkoi askotan ikus zitezkeen kandelatxoak piztu ziren berriz gauean, iluntasunaren artean argi-zuziak bidea eginda Abuztuaren 31ko Martxaren doinuek hartu zituzten erabat beteta zegoen izen bereko kalea eta inguruak; berriz ere, ia oharkabean, bertaratukoen buru-gogoak iraganera salto egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo