GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria

Egunerokora itzuliz eta hori aldatuz

Irailaren hasiera «egokitze garaia» dela esan ohi da, egunerokotasunera itzultzeko unea eta halaxe gertatzen da hedabideetan ere, zutabe hau kasu. Baina udan jazotzen diren gertaerak albistegarriak diren edo ez erabakitzeko kazetari gutxiago egon arren, oporraldiak ez ditu gertaerak ezabatzen, batzuek horrela izatea desio badute ere.

Uda garaia festa garaia ere bada gurean, baina bada oraindik ere festa giroaren zentzu erabat desitxuratua duenik eta «denak balio duela» uste duenik ere. Sanferminen hasieran Iruñeko plazak utzi zizkigun argazkiek eztabaida piztu zuten sare sozialetan. Ez naiz ikurrinaz ari, bertan zeuden hamaika emakumek pairatu behar izan zituzten eraso eta irain egoerez baizik. Udaleko ordezkariek, ordea, nahiago izan zuten banderari begiratu adierazpenak egiteko unean, alkateak berak esanda, eraso sexistak ezagutarazteak eta haiei buruz hitz egiteak jaien irudia zikintzen baitu.

Guretik kanpo ere, badira irudi zikinekin kezkatuta dabiltzanak ere. Errusiako mandatariek lesbiana, homosexual eta transexualen aurka hasitako ehiza instituzionalaren nondik norakoek mugak gainditu dituzte eta ezagunak dira politika horrek eragin dituen ondorio larrienak.

Ez da, baina, parerik ez duen giza eskubideen urraketa hau nazioarte mailan kezka eragin duena, homofobiaren salaketa ekintzek olinpiaden itxura zikin dezaketela baizik.

Gurean edo kanpoan, jazotzen direnak jazotzea da arazo, eta gakoa ez datza gertatzen dena ezkutatzean. Sarri, ordenagailu baten disko gogorra ezabatzeak ere arazoa estaltzea lortzen ez duen moduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo