GARA > Idatzia > Kultura

Adiskidetasunetik sortutako erakusketa, Zumetaren eta Donezarren eskutik

Jose Luis Zumetak eta Pablo Donezarrek elkarrekin erakusketa bat egin behar zutela erabaki zuten, baina euren lanen arteko loturarik ez dago, bi artisten arteko adiskidetasuna izan ezik. Horrek nahikoa dirudi Donostiako Ekain Arte Lanak galeriako paretak naturaltasunez janzten dituzten artelanak batera jartzeko. Urriaren 26ra arte izango dira bertan salgai pintorearen tamaina txikiko koadroak eta eskultorearen kaiola itxurako pieza deigarriak.

p045_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Donostiako Ekain Arte Lanak galeriak erakusketa berri bat jarri du martxan, gaurtik urriaren 26ra bitartean bisitatu ahal izango dena. Honen berezitasuna da oso ezagunak diren bi artistak, Jose Luis Zumetak eta Pablo Donezarrek, euren lanak areto berean batu dituztela, lanok euren artean loturarik ez duten arren.

«Tarteka elkartzen gara, hilean behin afariak egiten ditugu», izan zen Donezarren arrazoia erakusketa hau elkarrekin muntatzeko, adiskidetasun soila. Honek azaldu bezala, Usurbilgo pintoreak berak egin zion gonbidapena, biak artistak izanik elkarrekin zerbait egin behar zutela. «Ez da apropos pentsatutako zerbait. Bion lanen arteko kontraste bat da», baieztatu zuen Zumetak.

Hala ere, euren lanen artean ez dago harremanik. Donezarrek eskulturak eraman ditu Donostiako galeriara eta Zumetak ohikoak ez dituen tamaina txikiko pinturak.

Akuarela barraz marraztuak eta tenperekin koloreztatuak, normalean egiten dituen margolanen ildotik doaz pintura hauek. Normalean bi metrotik gora duten paneletan lantzen baditu ere bere koadroak, oraingo honetan aurkituko ditugunak A3 formatuan egindakoak dira gehienak, batzuk pixka bat handiagoak ere bai. Horrek badauka arrazoi bat, Zumetak berak kontatu zuenez: «Urtero Argentinara joaten naiz eta bertan ere pintatzen jarraitzen dut. Leku batetik bestera eramateko errazagoak dira paper txikietan egindako koadro hauek». Erakusketa osatzen duten 25 pinturak aurreko neguan egindakoak dira, bi-hiru hilabetetan, Zumetak duen sorkuntza gaitasun erraldoiaren adierazle.

Izan ere, berak esan bezala, koadro txiki hauek entrenatzeko balio diote, teknika eta ideia berriak lantzeko erabiltzen baititu. Buenos Airesek iradokitzen dizkion ideiak ere pintatzen ditu, hiriaren nortasunaren izaeratik gutxi badute ere. «Beti gelditzen da bertako ñabarduraren bat, bertan nagoelako, baina betiko ideia berdinetatik jo dut; ez ditut ez bertako historia ez materialak erabili», adierazi zuen.

Lan prozedurak

Zumetak intuitiboki pintatu ohi du. Paper zuriaren aurrean jartzen denean ez daki zer aterako den hortik. Gogoak ematen diona egin, eta inprobisatzen joaten da. Pablo Donezarrek, berriz, ideia finko bat izaten du aurretik. Ideia bat duenean hura artelan nola bihurtu pentsatzen du eta egiten hasten denean baditu jarraitu beharreko pauso batzuk. Batzuetan unean bertan inprobisatu eta ideiaz aldatu behar izaten du, baina askotan berak aldez aurretik jarritako mugengatik zaila egiten zaio prestatutako eskematik ateratzea.

Lana egiteko modu horren adierazle izan daitezke Donostiako galerian kokatu dituen eskulturak. Tamaina txikia dute, edonon jartzeko modukoak, sabaitik gertu egoteko pentsatuak badira ere. «Gizartea nolakoa den eta zeren barruan gauden azaldu nahi dut. Gure bizitzaren metafora bat da», aipatu zuen eskultoreak. Izan ere, gelan kaiola formako sei lan daude, korten altzairuz egindakoak. Material horrek burdin kolore iluna dauka orain, bernizarekin, baina denborarekin herdoildu egiten da eta kolore laranja hartzen du. Kaiola batzuek kateak eta giltzarrapoak dituzte. Sarreran zazpigarren obra bat dago, arantzaz jositakoa. Pieza hauek serie batean bildu nahi ditu artistak, beste lan batzuekin elkartuz, hala nola, Zaragozako Monegros desertuan egindako zenbait argazki eta bertako paisaietan oinarritutako pintura batzuk.

KONTRASTEAK

Donezarrek artelan bat hasi behar duenean ideia finkatzen du aldez aurretik. Zumetak, ordea, nahiago du planik gabe pintatzen hasi. Oso desberdinak dira bi artistak eta euren lanek kontrastea egiten dute; ilunak batzuk, koloretsuak besteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo