GARA > Idatzia > Kultura

Etxepare Institutuak hitzarmena sinatu du Tolosako Topic zentroarekin

GARA | DONOSTIA

Etxepare Euskal Institutuak hitzarmena sinatu zuen atzo Tolosako Ekinbide Etxearekin (TEE), Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren nazioarteko jarduera sustatzeko asmoz.

Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak aipatu zuen Topic zentroa «euskal kulturaren enbaxadore handia» dela. Honek esandakoaren arabera, hitzarmen batzuk lan berri baten lehen urratsa izaten dira, baina beste batzuetan, Topic-en kasuan bezala, harreman hori naturala da, hitzarmenaren aurretik ere euskal kultura nazioarteko bihurtzeko lanean ari zirelako.

Topic-eko zuzendariak, Idoia Otegik, azaldu bezala, aurrerantzean kanpoan egiten dituzten ekimenetan Etxepareren babes ekonomiko zein instituzionala jasoko duela bermatzen du hitzarmen honek.

Aurten, Topic-ek nazioartean dituen proiektuak zeintzuk diren ere azaldu zuten: Txinako Guangzhouko Jaialdiarekin elkarlana; Txotxongiloaren Munduko Kongresu eta Jaialdia 2016an Tolosa-Donostian hartzeko hautagaitzaren defentsa; Taiwango «Children's Education Festival» eta Greziako «Puppet-Mime Festival of Kilkis» jaialdietan esku hartzea; eta European Museum Forum eta «The Best in Heritage» topaketetan parte hartzea.

Urtero, Etxepare Institutuak lankidetza egitasmoak jartzen ditu martxan erakunde desberdinekin. Aurten, 30etik gora izango dira guztira, kultur esparru guztietakoak, adibidez, Udako Ikastaroekin, Donostiako Zinemaldiarekin, Euskal PEN klubarekin, Musika Industriaren Elkartearekin, Istanbuleko Bienalarekin, Mercat de las Flors-arekin...

Bestalde, New Yorkeko Euskal Etxearekin, honen mendeurrena dela-eta, eta Euskal Kultur Erakundearekin ere lanean ari da Etxepare Institutua aurten, eta laster sinatuko du beste hitzarmen bat Donostia 2016rekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo