GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Gure estiloa geureago

Aiert GOENAGA

Bada gai bat (bueno, berez asko dira nahiz eta gaur bati ekingo diodan) pentsatu bakoitzean barrua pizten didana, eta are gehiago Fernando Llorente Juventuseko jokalari berri gisa aurkeztu zuten egunetik. Athletic-en eta euskararen arteko harremanaz ari naiz. Athleticek, hotzean eta kanpotik ikusita, euskarari damaion bultzada eskasaz.

Bateren batek galdetuko du ea zer zerikusi duen Fernando Llorentek Italia puntan egindako aurkezpenak eta Athleticen eta euskararen arteko harremanak. Ba nire aburuz, asko; gehiegi tamalez.

Turin aldera iritsi eta lehen egunerako hasi zen italieraz hitz egiten errioxarra. Zer gutxiago ezta? Italiara bazoaz italiera ikasi; Javi Martinezek ere beste horrenbeste egin zuen Alemanian, alemanez ikasi. Eta ziur Herrerak ere beste horrenbeste egingo zukeela Manchesterrek bere klausula ordaindu eta Ingalaterrara joan behar izan balu. Zer gutxiago herrialde batera bazoaz eta publikoki sarri hitz egin behar baduzu bertako hizkuntza ikastea baino, ez? Bertako kultura eta herritarrekiko errespetuaren adierazle eta integraziorako intentzioaren erakusle bezala har daiteke.

Aurreko baieztapena normaltzat hartu eta Michael Robinsonek gazteleraz hitz egitean ingeles azentua duelako maldizioa botatzen duten horien artean izango dira Athleticeko jokalari batek euskaraz egitearen beharra sekula ulertuko ez duten hainbat. Ziur bateren batek aurreko baieztapenak lurrera bota eta futbolariak futbolean jokatzearekin nahiko dutela esango duela. Beste batek gaztelera eta euskararen koofizialtasunean babestu eta gaztelera hutsean aritzeko eskubidea defendatuko du. Ados, defendatu eta hitz egin bakarrik gazteleraz, baina ez Athleticeko irudia bazara. Izan ere, Athletic dagoen lurraldean, bi ama hizkuntza desberdin duen publikoa dago. Eta biekiko errespetua ez da euskara seriean dakarten jokalari edo presidenteari hitza emanda erakusten, besteei ere hitz batzuk bada ere egiteko exijitzen baizik. Llorentek ia bi hamarkadatan hemen egin ez zuen esfortzua Italian lehen egunerako ikustea oso tristea da.

Horrenbestez, hau ezin da izan gure estiloa. Ez euskararen alde egunerokotasunean dihardugun milaka eta milaka euskaldunokin identifikatzen dena, eta ez Athletic bezalako erakunde bati gai honetan tokatzen zaiona. Futbola erreferente da, eta zoritxarrez, gure gizarte aldrebes honetan hainbatentzat garrantzi gehiago du literaturaz, musikaz zein beste edozein gaitaz futbolari batek esandakoak gaiko adituen iritziak baino. Are gehiago umeen kasuan, futbolarien imitatzaile nagusiak baitira. Eta noski euskara ez da aparteko gai bat. Athleticeko irudi den orok euskaraz hitz egingo balu, umeek ere rol horiek euskaratik imitatzea errazago izango litzateke.

Athleticen alde esan behar da Bilboko taldea dugula Twitterren euskarazko kontu ofiziala duen eliteko euskal talde bakarra. Datu interesgarri bezain kezkagarria. Beraz, Gure Estiloa are eta geureago izan dadin, ondo legoke Athleticen irudiaren parte izango den orori euskararekiko konpromiso minimoak exijitzea. Ez dugu bertsolarien etorria eskatzen; baizik eta betiko galderen betiko erantzunak euskaraz esateko gai izatea: «Partiduz partidu», «3 puntu garrantzitsu», «Talde indartsua dute», «Entrenatzaileak bla, bla, bla...». Honek ez luke gure hizkuntzaren normalizazioa eta koofizialtasun parekidea errazteko mirakulurik egingo, baina bere aletxoa ipiniko luke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo