GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR RadioShack taldeko txirrindularia

Apaltasunez, isiltasunez, baina beti adoretsu

Egun hauetan, Fernando Alonsok Euskalteleko lizentzia erosi, eta Asturiasen goi mailako profesional talde bat sortuko duen berriak islatu dizkigu Vuelta honetako eta txirrindularitzako beste berri guztiak.

Txirrindularitzarentzat ikaragarri berri ona da. Bata, Euskalteleko lanpostu asko salbatuko direlako, eta bestea, Fernando Alonso bezalako pertsona mediatiko batek talde bat edukitzeak txirrindularitzaren etorkizuna alda dezakeelako. Ikaragarri berri ona izan arren, ez nuke aipatu gabe utzi nahi, marea laranja, euskal taldea, ikurrinak eta bestelakoak historiara pasatuko direla.

Euskadi fundazioa hasi zenean, 1994. urtean, Arantzazun egin zuten aurkezpenean egon nintzen, eta orduan ez nuen espero talde horri esker, eta batez ere bertako manager Migel Madariagari esker, emango nuela profesionaletarako jauzia.

Euskadi fundazioak ehunka gazteri eman digu profesionaletara jauzi egiteko aukera. Nire uste apalean, iaz Euskaltel, Euskadi fundazioaz eta bide batez Migelengandik banatzea ez zen oso ideia ona izan. Orain, guztiok Alonsoren teamarekin flipatzen ari garenean, ez nuke aipatu gabe utzi nahi, gure euskal taldea, hau da, Euskadi Fundazioa, kinka larrian dela. Gazteei etorkizuna eman, eta Pirinioak ikurrinaz jantzi dituen errudun nagusia Migel eta bere fundazioa dira, eta profesional izateko izan dudan aukera polit hau atzetik datozen belaunaldiek ere izan dezaten, Euskadi fundazioa datozen urteotan ere errepidean ikusi nahiko nuke.

Euskadi fundazioari esker, jauzi egin dugu grupetako Velasek, Haimarrek eta neuk. Haimar aski ezaguna da izan duen kirol ibilbide ikaragarriagatik, baina gaurkoan isil antzeko arrasatear lagunari buruz mintzatuko naiz. Arrasaten bizi naizela 9 urte betetzera doazenean, egunero-egunero 10.30eko hitzorduan huts egin ez didan laguna dut Iban Velasco. Eta laguna diot ez delako nire kidea, benetako laguna baizik. Niretzat lagunak, oso-oso gertuko pertsonak dira. Edozein unetan deitu eta sekula ezetz esaten ez duten horietakoa. Milaka kilometroan batera entrenatu gara, bakoitzak bestearen arazoak eta bizitza ongi baino hobeto dakizkigu, baina Ibanek duen zorte txar ikaragarri horren aurrean azaltzen duen jarrerak ahoa bete hortz uzten nau.

Jada ez dakit zenbat ebakuntza, haustura izan dituen eta zenbatetan izan duen zorte txarra, baina horrelakoak gertatu eta deitu ala bisitatzen dutenean, «pasatuko da, ala txirrindularitza besterik ez da, oraindik ere bi ume eta emazte zoragarri bat ditut» esan, eta beste behin lezio bat ematen dit. Iban Velasco, bizitza zaila izanda, sufritu eta saiatzearen poderioz, aurrera irten den pertsona apal eta langile baten kasua da.

Batzuk klasea, ez dakit nolako arropa, auto ala dotoretasunarekin lotzen duten arren, aurtengo bigarren ebakuntza serioa izan duen horri deitu eta ia zuk bera animatu beharrean, berak zu animatzean erakusten du, eta, nire ustez, pertsona batek horrelako egoera baten aurrean erakusten du bere barruan daukan klase eta izaera.

Sarritan, zer esan ere jakiten ez dudan arren, oraingoan Ibani esan nahi nioke, berau dela, apaltasunez, egoera zailenen aurrean klase handienaz jokatzen ikusi dudan pertsona, eta kosta egingo zaidala, grupetako kideok jaso genuen mezua (beti dago irri egiteko aitzakiaren bat ) asimilatzea.

Ba, horrela lagun, laster Deba Garaiko errepideetan nire alboan espero zaitut. Plazer bat da horrenbeste ordu zurekin egotea, apaltasun eta izaera otzan horrekin, umiltasun eta isiltasunez erakusten duzun adoreagatik.

Zaindu zaitez eta besarkada bero bat!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo