GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Lekeitioko San Antolin Torneoko finala

Udako atzelariaren bila

Irujorekin arituko den Barriolak eta Urrutikoetxea lagun izango duen Beroizek bina torneo irabazi dituzte.

p043_f02.jpg

Jon ORMAZABAL

Logroñoko sanmateotan gerta daitekeenaren zain -Aimar Olaizolak eta Martinez de Irujok bikotea osa dezaketen zurrumurruek jarraitzen dute- Lekeitioko torneoko garaikurraz gain -aurten ez omen da txaluparik izango- udako atzelaririk onena nor izaten ari den izango dute jokoan Abel Barriolak eta Mikel Beroizek.

Kolpe ikaragarriko atzelariak gailentzen ari diren garai hauetan, kantxa asko bete, tanto gutxi galdu, pilota arrimatu eta partidak luzatzeko gai direnek ere zeresan handia izan dezaketela erakutsi dute bi nafarrek.

Orain arte, Jon Ander Albisuk irabazi zuen feriaz harago, gainontzeko guztietan Leitzakoa edo Uhartekoa suertatu dira garaile, Aspekoa Iruñean eta Bilbon, eta Gasteizez eta Biarritzen Asegarcekoa. Beroizek, gainera, Iruñeko eta Bilboko finalak ere jokatu zituen.

Berezkoak dituen dohainez gain, Mikel Beroiz inoiz ez bezalako kolpea erakusten ari da azken hilabeteetan, eta alor horretan, Mikel Urrutikoetxea bere bikotekidea ere kontrako atzelaria zigortzen oso trebea denez, pentsatzekoa da Asegarceko bikotea astelehenean erabili zuen taktika bera errepikatzen saiatu daitekeela. Hori bai, larunbateko finalerdian kantxan jartzea apur bat kostatu zitzaion arren, zaila izango da Abel Barriolak Alexis Apraizek emandako erraztasunak ematea gaurko finalean.

Aurreko koadroei dagokienez, gaurkoa partida berezia izango da Mikel Urrutikoetxearentzat, bere lehen udako finala izateaz gain, sekula ez baita ez Martinez de Irujo ez eta Abel Barriolaren aurka aritu.

Aukera aprobetxatzera

Egindako Buruz Buruko txapelketa bikaina eta Pablo Berasaluzeren lesio larriaren ostean, pentsatzekoa zen aurtengo udan Zaratamokoak protagonismo handiagoa izango zuela, baina Lekeitioko honetara arte, Iruñean baino ez du lekurik izan Zaratamokoak.

Sanferminetan, eskuko minek partida bakarra utzi zioten jokatzen, eta orain Lekeitioko aukera aprobetxatu nahi du, onenen artean geratzeko.

Juan Martinez de Irujo, bere aldetik, uda polita osatzen ari da. Iruñean Lau eta Erdikoa eta torneoa irabazi eta gero, Gasteizko finalean ere egon zen eta Lekeition bere bigarren torneoa eskuratu nahi du. Iberokoa joko bolada onean dago eta, erasoan ez ezik, defentsan ere lan handia egin behar izango du.

Izenez gorriak faborito irten daitezkeen arren, lehia orekatu eta berria ikusi ahal izango da Santi Brouard pilotalekuan, baita telebistaz ere.

Bartzelona

Asegarcek jakitera eman zuenez, urriaren 5ean Bartzelona Hiria sariaren III. edizioa jokatuko da Vall de Hebron pilotalekuan. Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea elkarren aurka arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo